Luzapenean irabazi du Domusa Teknik ISBk

Andoni Elduaien 2024ko aza. 25a, 10:07

Nora Arozena jokalari azkoitiarra, uztaipean. (Mikel Amenabar 'Otola')

Luis Agirre Katxi entrenatzailearen taldeak asteko bigarren garaipena eskuratu zuen herenegun, Azkoitiko Elkargunean. 78 eta 75 irabazi zion La Cordá de Paterna NB saskibaloi taldeari bi luzapen jokatuta. Bestalde, atseden astea tarteko, Biele ISBk ez du partidarik jokatu asteburuan.

Domusa Teknik ISBk irabazi egin zuen herenegun, zapatua, Azkoitiko Elkargunean. Asteko bigarren partida ere garaipena lortuta itxi zuen Luis Agirreren taldeak. 78 eta 75 nagusitu zen ISB etxean, La Cordá de Paterna NB Paternako (Herrialde Katalanak) taldearen aurka. Garaipena batzeko, ordea, bi luzapen behar izan zituen ISBk.

Valentziako uholdeetan hildakoen omenez minutuko isilunea eginda eta 50. urteurreneko omenaldia eginda hasi zuten partida. Zapatuan, Mikel Amenabar Otola, Luis Garcia, Oscar Araujo, Unai Murillo eta Jesus Larrañaga omendu zituen klubak, horiek guztiek klubaren bueltan argazkilari bezala urte luzez egindako lanagatik.

Omendutako bost argazkilariak jokalariekin, zapatuan. (Mikel Amenabar 'Otola')

Bi taldeak ere fin azaldu ziren saskiaren aurrean, beharbada ez horren txukun defentsan, eta hala puntu festaz gozatu ahal izan zuten Elkargunean bildutakoek; 26 puntu lortu zituen etxeko taldeak, eta 24 Paternakoak. Bigarren laurdenean abantailatxo bat hartzeko modua izan zuen ISBk, nolanahi ere. Defentsan lan ona egin zuten Agirrerenek, eta bederatzi puntu baino ez zituzten saskiratu Paternakoek. Hala, atsedenaldirako zazpi puntuko abantaila hartu zuen etxeko taldeak (40-33).

Hirugarren laurdenean, ordea, irauli egin zuen lehia kanpoko taldeak. Defentsan estutu egin zuten bisitariek, eta ISBk bederatzi puntu baino ez zituen saskiratu. Bien bitartean, kanpoko taldeak bikoiztu egin zuten etxekoen puntu kopurua, eta azken laurdenera iristerako hiru puntuko tartea zabaldu zuten haiek (49-52). Azken laurdenean, berriz, partida berdintzeko aurkariari atera beharreko tartea lortu zuen ISBk, eta partida luzapenean ebaztera behartu zuen aurkaria (64-64).

Luzapeneko lehen zatian ere pare-parean aritu ziren bi taldeak, eta horren erakusle izan zen markagailua; zortzina berdindu zuten ISBk eta Paternak. Hori horrela, luzapeneko bigarren zati bat jokatu behar izan zuten. ISB aurkaria baino indartsuago agertu zen orduan. Halako partida estuetan ohikoa den moduan, jokaldi edo xehetasun bakar bat nahikoa izan zen lehia erabakitzeko, eta azkenean, ISB izan zen garaipena lortu zuena (78-75).

Julie Dacosta izan zen ISBko saskiratzaile onena zapatuan, hemezortzi puntu saskiratuta. Dena den, Geraldynn Malama Leaupepe izan zen taldeko onena, hark hamasei puntuko balorazioa lortu baitzuen. Hamargarren jardunaldiko partida Esteponan (Espainia) jokatuko du ISBk, CAB Esteponda Jardin Costa del Sol taldearen aurka. Hitzordua zapatuan (19:00) izango du Azkoiti-Azpeitiko taldeak, Pineda pabiloian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide