Anaitasuna, bosgarren garaipena jarraian lortzetik gertu

Andoni Elduaien 2024ko aza. 25a, 09:01

Oihan Etxaniz, Zarautzen aurkako partidan. (Anaitasuna)

Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen taldeak hutsean berdindu zuen zapatu arratsaldean Beasain B taldearen aurka, Txerloian. Juan Luis Zubizarreta Uan eta Maider Zinkunegi omendu zituen klubak partida hasi aurretik. Emakumeek, bestalde, garaipen garrantzitsua lortu dute Bilbon.

Anaitasunak puntuak biltzen segitzen du. Gizonen taldeak hutsean berdindu zuen zapatuan, Txerloian, Beasain B taldearen aurka. Gol aukera sorta ederra sortu zuten gorritxoek lehia irabazteko, baina kamuts azaldu ziren ate aurrean. Emakumeek, berriz, 2-3 irabazi zuten atzo, igandea, Bilboko San Ignacio zelaian.

Partida hasi aurretik, azken hamahiru urteetan klubean hainbat zereginetan aritu diren Juan Luis Zubizarreta Uan eta Maider Zinkunegi omendu zituen klubak. Besteak beste, zelaia zaintzen, garbiketa nahiz kudeaketa lanak egiten eta zuzendaritzako arduretan aritu da bikotea azken urteetan. Egindako lana eskertuz, oroigarri eta lora sorta bana eman zizkieten haiei Pedro Urdapilleta Anaitasunako presidenteak eta Borja Maruri zuzendaritzako kideak. Aurrez, gainera, aurreskua ere dantzatu zieten haiei dantzariek.

Ezkerretik eskuinera, Maruri, Zinkunegi, Zubizarreta eta Urdapilleta. (Anaitasuna)

Loren Barbadok zuzentzen duen gizonen taldea aurreko lau jardunaldietan lortutako garaipena errepikatzeko asmoz zelairatu zen Txerloiara. Aurreneko zazpi minutuetan aurkariaren atea zulatzeko hiru abagune izan zituzten gorritxoek, bat Oihan Etxanizek eta bi Ander Pastrianek. Hain zuzen, Pastrianen bigarren saiakeran baloiak langaren aurka jo zuen.

Anaitasuna gehiago zen berdegunean, baina Beasaingoak ere hurbildu ziren Aritz Suduperen atera. Atzelariek lagunduta, aukera arriskutsu bat moztu zuten gorritxoek ordu laurdena pasatuta zela. Atsedenaldira iritsi aurretik, baina, beste bi aukera eder ere sortu zituzten Barbadorenek, baina bakea sinatu eta hasi bezala hartu zuten aldageletarako bidea.

Atsedenaldiaren ondoren, bi taldeek izan zituzten markagailua estreinatzeko abaguneak; aurrena, Anaitasunako Galder Guembek izan zuen, eta bigarrena, Beasaingoek; kanpokoek bi gol aukera garbi sortu zituzten bigarren zatiko hamargarren minutuan. Ondoren ere bisitariek eraso zorrotzagoak sortu zituzten; haienak izan ziren erasoko jokaldi onenak. Nolanahi ere, amaierara iritsi aurretik azken ahalegin bat egin zuten gorritxoek, eta gertu izan zuten gola arauzko denbora betetzeko bost minuturen faltan.

Azkenean, ordea, hutsean berdindu eta puntuak banatu zituzten bi taldeek. Hemezortzi puntu ditu orain Anaitasunak, eta sailkapeneko seigarrena da. Datorren asteburuan, Oiartzungo (Gipuzkoa) Ugaldetxo zelaian jokatuko dute Barbadorenek. Sailkapeneko hirugarrenaren etxean arituko dira gorritxoak, bi puntu gehiago dituen taldearen zelaian, hain justu.

Garaipena, Bilbon

Euskal Ligako emakumeen taldeak, bestalde, garaipen handia lortu zuen atzo, igandea, Bilboko San Ignacio zelaian. Anaitasunak 2-3 irabazi zuen Bilbao Artizarrak taldearen aurka. 10. minutuan hartu zuten aurrea gorritxoek markagailuan; Maria Juaristik pase bikaina egin zion Irati Olaizolari, eta hark ez zuen barkatu ate aurrean. Handik lau minutura, berriz, aldea bikoiztu zuen Mikel Barqueroren taldeak; Ane Zulaikak penaltiz egin zuen gola. Atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, Anaitasunari zapuztu egin zitzaion ordura arte egindako lan ona. Bilbokoek lehia berdintzea lortu zuten bost minutuan.

Bigarren zatian hutsetik hasi behar izan zuen Anaitasunak, eta hamar minutura lortu zuen berriro ere partidan aurretik jartzea; Ane Arrizabalagak aldaratze bat probestu zuen baloia sareetara bidaltzeko. Partidak hala bukatu behar zuela zirudienean, epaileak etxekoen aldeko penaltia adierazi zuen 90. minutuan. Ordea, Intza Paredes atezain azpeitiarrak dema berdintzeko etxekoen saiakeran penaltia gelditu zuen, eta bide batez, Anaitasunari beste garaipen bat eman zion.

Gorritxoek hiru partida irabazi dituzte jarraian, eta orain, sailkapeneko hamabigarrenak dira, hamabost punturekin. Datorren asteburuan, Barquerorenek hiru puntura duten Pauldarrak taldea izango dute aurkari, Txerloian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide