Gipuzkoako Foru Aldundiak lurraldeko Lanbide Heziketako bederatzi ikastetxe saritu ditu ekonomia zirkularrarekin duten konpromisoagatik, eta tartean da Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa. Aldundiaren Jasangarritasun sailak Ekonomia Zirkularra Modelatuz egitasmoaren seigarren edizioko sari banaketa ekitaldia egin du Donostian, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan. Edizio honetan, material birziklatuak baliatuz eskultura berritzaileak sortu dituzte ikasleek, eta modu horretan ekonomia zirkularra sustatzen egindako lana aitortu die aldundiak ikastetxeei. Eskulturen bidez, ikasleek birziklatutako materialak pieza artistiko bihurtu dituzte, eta erakutsi dute hondakinak baliabide eta produktu berri bihur daitezkeela.
Jose Ignacio Asensio Jasangarritasuneko diputatuak aintzatespena eman die "ingurumen hezkuntzarekin eta ikasleen artean praktika jasangarriak sustatzearekin aparteko konpromisoa" erakutsi duten ikastetxeei. Azkoitiko zentroaz gain, beste hauek ere izan dira sarituak: Zarauzko Oteitza lizeo politeknikoa, Irungo Mendibil prestakuntza zentroa, Aretxabaleta Lanbide Eskola, Mutrikuko Kardala, Elgoibarko Meka Lanbide Eskola, Tolosako Peñascal, Azkoitiko Izarraitz Lanbide Heziketa, Hernani Lanbide Heziketa eta Oñati BHI.
Aldundiaren arabera, sari banaketa ekitaldiak balioa eman dio Gipuzkoako gazteen sormenari, eta ekonomia zirkularraren garrantzia azpimarratu du. Asensiok bere hitzartzean horrelako proiektuen garrantzia nabarmendu du, gazteak gizarte jasangarriago bateranzko eraldaketan inplikatzeko. "Hezkuntzan ekonomia zirkularra txertatzea funtsezkoa da baliabideak modu eraginkor eta arduratsuan kudeatuko dituen etorkizuna eraikitzeko", adierazi du. "Gipuzkoako gazteak, beren sormenaren bidez, erakusten ari dira birziklapena eta berrerabilpena tresna indartsuak direla ingurumen erronkei aurre egiteko. Egitasmo honek, kontzientzia ekologikoa sustatzeaz gain, ikasleei beren etorkizun profesionalerako funtsezkoak izango diren trebetasunak garatzeko aukera ematen die, jasangarritasunera gero eta bideratuago dauden sektoreetan". Gainera, azpimarratu du garrantzitsua dela "Gipuzkoako etorkizuneko belaunaldiak prestatuta egotea, ingurumena zaintzeaz gain, lurralderako enplegu eta berrikuntza iturri izango den ekonomia zirkularrean parte hartzeko".
Ekonomia zirkularra, "zutabe estrategikoa"
Aldundiaren arabera, ekonomia zirkularra "zutabe estrategikoa" da lurraldearen jasangarritasun politikaren barruan, "hondakinak baliabide bihurtzeko eta aukera ekonomiko berriak sortzeko". Gipuzkoan, gaur egun, 6.500 enplegu baino gehiago eta 1.425 milioi euroko fakturazioa ditu sektore horrek, eta horrek indartu egiten du iraunkortasunak tokiko garapen ekonomikoari egiten dion ekarpena.
Ekonomia Zirkularra Modelatuz erakusketa artistikoa da, eta sustatzaileen arabera, "bizitzaren alderdi guztietan jasangarritasuna integratzearen garrantziari buruz hausnartzeko aukera" ematen du, "hezkuntzatik hasi eta industria ekoizpenera arte". Aldundiaren esanetan, egitasmoa "beste urrats bat izan da ingurumena babesteko komunitate kontzienteago eta aktiboago bat sortzeko".