Zientzia eta teknologia erronkak egin dituzte liburutegian

Andoni Elduaien 2024ko aza. 22a, 10:24

Haurrak zientzia eta teknologia erronken saioan. (Aizkibel liburutegia)

Asteazkenean eta atzo egin zituzten erronkak liburutegian. Gaur, Miru ipuin kontalaria izango da han, eta abenduaren 4an, Dona, dona katona ikuskizuna eskainiko dute. Hain justu, astelehenean zabalduko dute azken ekintza horretarako izena emateko epea.

Aizkibel liburutegian zientzia eta teknologia erronkak egin dituzte aste honetan. LH3 mailatik LH6 mailara arteko hainbat ikasleek parte hartu dute erronka horietan. Hain justu, herenegun, asteazkena, eta atzo, osteguna, egin zituzten saioak haurrek, eta askotariko ekintzak eginda, zientzian nahiz teknologian garatzeko aukera izan zuten.

Nolanahi ere, ez da liburutegiko aste honetako ekintza bakarra; izan ere, Miru ipuin kontalariak Asmatu dezagun amets bat ipuina kontatuko die haurrei gaur, ostirala. 18:00etan hasita, 6 eta 9 urte bitarteko haurrek, LH1etik LH4ra arteko ikasleek, parte hartuko dute Miruren kontakizunean.

Abenduaren 4ko hitzordua

Bestalde, Aizkibel liburutegiak gaur jakinarazi du abenduaren 4an jolasak, kantak, ipuinak eta asmakizunak biltzen dituen Dona, dona katona ikuskizuna eskainiko dutela liburutegian. 17:30ean hasiko da egun horretako saioa, eta 2-5 urte arteko haurrek nahiz horien gurasoek izango dute saioan parte hartzeko aukera.

Dena den, aurrez izena eman beharko da, eta horretarako epea astelehenean, hilak 25, zabalduko dute. Abenduaren 3ra arte eman ahalko da izena liburutegiko harreran bertan edota 943-85 08 98 telefono zenbakira deituta. Liburutegiak jakinarazi du plazak mugatuak direla.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide