Zaporeak elkartearentzako janari bilketa egingo dute Izarraitz Lanbide Heziketako ikasleek

Andoni Elduaien 2024ko aza. 25a, 09:00

Boluntario bat elikagaiak jasotzen. (Zaporeak)

Bihartik ostiralera bitartean jasoko dituzte elikagaiak Izarraitz Lanbide Heziketaren eskolan, 08:00etatik 14:30era. Askotariko elikagaiak eskatu dituzte Izarraitz eskolako Gizarteratze graduko ikasleek.

Izarraitz Lanbide Heziketako Gizarteratze graduko ikasleek Zaporeak gobernuz kanpoko erakundearentzako janari bilketa egingo dute aste honetan. Bihar, asteartea, hasiko dute bilketa ikastetxean, eta herritarrek ostiralera arteko epea izango dute han ekarpena egin ahal izateko. 08:00etatik 14:30era bitartean zabalduko dituzte ikastetxeko ateak.

Zaporeak elkartea Lesbosko (Grezia) errefuxiatuen kanpamenduetara elikagaiak bidaltzeaz eta han otorduak prestatzeaz nahiz horiek banatzeaz arduratzen da. Hain justu, elkarteak egunero 2.000 otordu ematen dituela adierazi dute Izarraitzeko ikasleek.

Egoera horren aurrean, Zaporeakek zenbait elikagai "beharrezkoak" ditu, eta herritarrei beren ekarpena egiteko eskatu dute Izarraitz ikastetxetik. Honako elikagai hauek eskatu dituzte ikasleek: arroza, lekaleak, pasta, gailetak, olioa eta kontserbak (kristalezko potoetan ez).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide