Astelehenean arratsaldez egingo dituzte odol ateraldiak Elkargunean

Andoni Elduaien 2024ko aza. 22a, 09:14

Odol emaile bat. (Artxiboa)

Azaroko bigarren odol ateraldia izango da astelehenean Elkargunean egingo dutena. Orain arte odola eman izan dutenek hitzordua hartuta dute, baina odola ematen hasi nahi dutenek 610 11 21 45 telefono zenbakira deituta hitzartu dezakete ordua.

Astelehenean, hilaren 25ean, azaroko bigarren odol ateraldiak egingo dituzte Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Hitzordua arratsaldez egingo dute, 16:30etik 20:30era bitartean. Odola eman ohi duten herritarrek honezkero hartuta dute astelehenerako ordua, baina odola ematen hasi nahi dutenek edo informazio gehiago nahi dutenek 610 11 21 45 telefono zenbakira deitu behar dute.

Azaroaren 4an egin zituzten hil honetako aurreneko odol ateraldiak, eta orduan 75 odol poltsa bildu zituzten. Dena den, Euskadiko Odol Emaileen elkarteak herritar gehiagorengana iritsi nahi du, eta dei egin die azkoitiarrei datorren astelehenerako. Azken datuen arabera, odol erreserbak maila nahiko onean daude; B- odol motak du eskasia handiena eta B+ motak txikiena. Gainerakoak, berriz, erdi mailan daude.

Hurrengo hitzordua abenduaren 16an, astelehenez, izango da; orduan goizez eta arratsaldez egingo dituzte odol ateraldiak. Urteko azken hitzordua izango da egun horretakoa; izan ere, hurrengoa urtarrilaren 13an egingo dute, orduan ere goizez eta arratsaldez.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide