Herrian "duela denbora bat" gertatutako sexu eraso baten berri eman zuen atzo Azkoitiko Udalak, eta horren ondotik, Itaia emakumeen antolakunde sozialistak elkarretaratzea deitu du biharko. Antolakundeak jakinarazi duenez, duela hiru urte azkoitiar batek emakume bat bortxatu zuen, eta erasoa salatzeko mobilizazioa egingo dute bihar, 19:00etan, plazan.
Azkoitiko Udalak ere "gogor" gaitzetsi du gertatutakoa, eta indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun instituzionala emateko protokoloa aktibatu duela jakinarazi zuen atzo, "informazioa baloratzeko eta biktimari eta haren gertukoei arreta eskaintzeko". Hori horrela izanik, Bozeramaileen Batzordeak bilkura egin zuen asteartean, eta udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek erakunde adierazpen bateratua kaleratu zuten.
Bestalde, erasoa jasan duen emakumeari eta haren senideei arreta egokia eskainiko zaiela ziurtatu eta informazioa baloratuta, Azkoitiko Udalak bi erabakiren berri eman du: batetik, udalak halako kasuetan duen jarrera irmoa adieraztea eta "argi eta garbi esatea ez dituela inolaz ere onartzen" emakumeen eskubideak urratzen dituzten "eraso makurrak"; eta bestetik, herritar guztiei emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako gaitzespena agertu ahal izateko bidea eskaintzea. Izan ere, erakundeak azaldu duenez, indarkeria ez da soilik erasoa edo hilketa pairatzen duen emakumearen arazoa, "emakume guztiena baizik". Era berean, herrian antolatzen diren gaitzespen ekitaldietan parte hartzeko deia luzatu zuen.