Azkoitian sexu eraso bat gertatu izana "gogor" gaitzetsi du udalak

Julene Frantzesena 2024ko aza. 20a, 14:22

Sexu eraso bat salatzeko Azkoitian egindako elkarretaratze bat.

Erakundeak zehaztu duenez, duela denbora bat jazo zen erasoa Azkoitian, baina emakumeak orain jarri du salaketa. Kasuaren gaineko informazioa aztertuta, udalak indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun instituzionala emateko protokoloa aktibatu du. Halaber, Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bateratua onartu du. Herrian antolatzen diren gaitzespen ekitaldietan parte hartzeko deia egin die erakundeak herritarrei.

Herrian gertatutako sexu eraso baten berri eman du gaur Azkoitiko Udalak. Erakundeak "gogor" gaitzetsi du gertatutakoa, eta erasoa jasan duen emakumeari nahiz haren gertukoei laguntza eskaini eta abegikortasuna adierazi dizkie.

Erakundeak zehaztu duenez, duela denbora bat jazo zen erasoa Azkoitian, baina emakumeak orain jarri du salaketa. Udalak esan du "beti" errespetatuko dituela emakumeen denborak eta borondatea, hitza eta erabakia, eta "erreparaziorako lagungarria" den erantzuna ematen ahaleginduko da.

Erasoaren berri "lehen eskutik" izan ostean, erakundeak indarkeria sexista kasuen aurrean erantzun instituzionala emateko protokoloa aktibatu du, "informazioa baloratzeko eta biktimari eta haren gertukoei arreta eskaintzeko". Hori horrela izanik, Bozeramaileen Batzordeak bilkura egin zuen atzo arratsaldean, eta udalean ordezkaritza duten alderdi guztiek erakunde adierazpen bateratua kaleratu dute.

Herritarrei gaitzesteko deia

Erasoa jasan duen emakumeari eta haren senideei arreta egokia eskainiko zaiela ziurtatu eta informazioa baloratuta, Azkoitiko Udalak bi erabaki hartu ditu: batetik, udalak halako kasuetan duen jarrera irmoa adieraztea eta "argi eta garbi esatea ez dituela inolaz ere onartzen" emakumeen eskubideak urratzen dituzten "eraso makurrak"; eta bestetik, herritar guztiei emakumeen aurkako indarkeriaren kontrako gaitzespena agertu ahal izateko bidea eskaintzea. Izan ere, erakundeak azaldu duenez, indarkeria ez da soilik erasoa edo hilketa pairatzen duen emakumearen arazoa, "emakume guztiena baizik".

Hori dela eta, herrian antolatzen diren gaitzespen ekitaldietan parte hartzeko deia egin die erakundeak herritarrei: "Indarkeria sexistaren aurka agertzera eta indarkeria horren biktimei bakarrik ez daudela adieraztera bultzatu nahi ditugu herritarrak".

Halaber, azaroaren 25a gainean dela eta, egun horretan Indarkeria matxista ukatzea haren alde egitea da. Batu gaitezen geldiarazteko leloa lau haizetara zabalduko dutela gogorarazi du udalak. "Horixe da Azkoitiko Udalak aldarrikatzen duena: ez banalizatu indarkeria matxista. Asko egin da, baina tamalez, asko dago oraindik egiteko".

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide