Beste asteburu on bat izan dute Anaitasunaren talde nagusiek, gizonen zein emakumeen lehen taldeek garaipen bana eskuratu baitute ligako jardunaldietan. Bi taldeek atzo, larunbata, jokatu zituzten partidak etxean, eta emakumeen taldeak 8-1 irabazi zion Altzarrate Laudiori; gizonek, berriz, Vasconiaren aurka 2-1 egin zuten.
Sailkapeneko azken postuan den Altzarrate Laudio taldea hartu zuten Barqueroren taldekideek atzo arratsaldean San Juan futbol zelaian, eta azkoitiarrek ez zuten aukera galdu. Izan ere, gol festa izan zen Azkoitiko zelaian: partida hasi eta ordu laurdenera laudiotarrak irabazten jarri baziren ere, aurki eman zioten buelta egoerari gorritxoek: izan ere, minutu eskas batera Enarak faltatik langara eta aldaratzea baliatu zuen Jonek baloia sareetara bidaltzeko, eta hamar minutura bigarren gola sartu zuen hark ere. Jarraian iritsi zen Mariaren gola, Anaitasunaren hirugarrena, eta partidaren bigarren zatian, Kalareren hiru golek, Mariaren bigarrenak, Zulaikaren beste bat berretsi zuten etxeko klubaren garaipena. Horrenbestez, Anaitasunako taldeak bigarren asteburua izan du jarraian irabazi duena, eta Euskal Ligako sailkapeneko 12. postua kokatu da. Datorren astean, 15. postuan den Bilbao Arizarrak FK B taldearen aurka neurtuko dituzte haiek indarrak, Bizkaiko hiriburuan.
Anaitasunako gizonen taldeko jokalariak ere pozik egiteko moduan dira, laugarrenez jarraian irabazi baitzuten atzo, ligako hamargarren jardunaldian. Sailkapeneko azken hartu zuten etxean haiek ere, eta emakumeek bezala, galtzen hasi ziren, baina Pastrik partida berdindu zuen 40. minutuan, eta aurretik zenbait aukera izan bazituzten ere, partida amaitzear zela jarri zen Azkoitiko taldea markagailuaren buruan; izan ere, 83. minutuan gol ikusgarria sartu zuen Beñatek urruneko jaurtiketa batetik. Beste hiru puntu eskuratuta, beste koxka bat gora egin eta sailkapeneko bosgarren postuan kokatu da Anaitasuna. Datorren astean ere Txerloian jokatuko dute Barbadoren gizonek, sailkapenean bi postu gorago dagoen Beasain SD B taldearen aurka.