Borja Lealek eta Goiatz Agirrek irabazi dute IX. San Martin mendi lasterketa

Ane Olaizola 2024ko aza. 16a, 12:29

Gizonetan, Mikel Elorza eta Manex Hernandez sailkatu dira bigarren eta hirugarren postuetan. Emakumeetan, Ihintza Elustondo izan da bigarrena, eta Naroa Otaegi hirugarrena. Ehunka korrikalari bildu dituzte haurren zein helduen probek. 

San Martingo Mikologia elkarteak bederatzigarrenez antolatu duen San Martin mendi lasterketak korrikalari zein herritar ugari erakarri ditu beste urte batez, eta egitasmoaren aitzakian, giro paregabea nagusitu da auzoan goizean. Ohi bezala, umeen eta helduen lasterketa bana jokatu dute auzoan eta inguruko mendietan, eta helduen proban, Borja Leal (00.36.35) eta Goiatz Agirre (00.46.37) izan dira irabazleak. Aurten, bikote mistoen kategoria ere prestatu dute antolatzaileek, eta Laiane Arrospidek eta Iñigo Larrartek osatu dutena izan da azkarrena (00.45.11). 

Mendi lasterketa hasi baino lehen, Juli Arregiren irritziarekin ekin diote umeek lasterketari. Dozenaka izan dira auzoan zehar korrika egin duten umeak, eta kaleak txiki utzi dituzte haiek animatzera joan direnek. Ermitako ordulariak 11 kanpai jotzearekin batera, berriz, helduen mendi lasterketa hasi da, eta 145 korrikalarik parte hartu dute. 7,5 kilometroko ibilbidea osatu dute horiek inguruko mendietan, eta ohikoa den moduan, San Martin ermitako kanpaia jota amaitu dute proba. Dena den, nahasmena izan da zenbait korrikalarien artean, eta batzuek aurrena amaitu badute ere, sailkapenetik kanpo geratu dira horiek, okerreko bidea egin dutelako. Horrenbestez, Borja Leal nagusitu da gizonetan, eta Goiatz Agirre, emakumeetan. Gizonetan, bigarren eta hirugarren postuetan geratu dira Mikel Elorza (00.36.39) eta Manex Hernandez (00.36.41), eta emakumeen podiuma Ihintza Elustondok (00.54.17) eta Naroa Otaegik (00.54.17) osatu dute. 

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide