Txapelketa bat irabaztea pozgarria izan ohi da, baina Gipuzkoako Txapelketa irabazi duen aurreneko emakumea izateak aparteko pozik eragiten al dizu?
Bai, noski. Egia esateko, ez nuen uste txapelketa irabaziko nuenik, eta garaipenarekin dezenteko poza hartu nuen; nik ez ezik, baita nire senideek eta ingurukoek ere. Izan ere, animo asko eman dizkidate haiek txapelketan.
Nolako partida izan zen aurreko larunbatean jokatu zenuena?
Egia esan, txapelketan jokatu dudan partidarik luzeena izan zen zapatukoa. Gorabehera batzuk izan nituen: abantailarekin joan nintzen, gero galtzen ere bai... Azkenean, irabazi egin nuen, baina partida oso luzea izan zen.
Asko sufritu al zenuen?
Beno... Ni dezente lasai egon nintzen, baina esango nuke ingurukoek gehiago sufritu zutela azken partida horretan. Gorabeherekin ikusten ninduten haiek, eta ezustekoak hartzen zituzten partidan zehar.
Esan duzu ez zenuela espero txapelketa irabaztea. Zergatik?
Ezagunak ditut txapelketan parte hartu duten beste xakelariak, eta kontuan izanda haiek nik baino askoz esperientzia handiagoa dutela, uste nuen haietako batek irabaziko zuela. Beraz, bai, ezusteko handia izan zen txapelketa irabaztea.
Aurreneko aldiz parte hartu al duzu?
Iaz ligan parte hartu nuen, taldeka jokatzen dugun txapelketan, baina lehenengo aldia izan da bakarkako txapelketa batean parte hartu dudana.
Zer aurreikuspen zenuen?
Nire asmoa zen jolastea eta gozatzea. Lehen esan bezala, ez nuen espero halako txapelketa on bat egingo nuenik, ni baino esperientzia handiagoa duen jendeak ere parte hartu duelako. Baina ondo atera zait, txapelketako bost partidetatik bostak irabazi ditudalako.
Anaitasuna Kakute ere pozik dago zure emaitzarekin, klubak adierazi baitu zu izendatuko zaituela urteko xakelari onena. Zer eragin dizu hori jakiteak?
Taldekideek aurrez hitz eginda izango zuten, baina nik neuk ez nuen horren berririk, eta jakinarazi zidatenean izugarrizko sorpresa eta poza hartu nuen. Iaz, esaterako, munduko errekor marka egindakoa den Jose Luis Larrañaga izendatu zuten urteko xakelari onena, eta hori ikusita, orain ni izendatzea ezusteko handia izan da.
Azterketa garaian egokitu zaizu txapelketaren amaiera. Ikasketek eraginik izan al dute emaitzan?
Egia da aurreko astean azterketa ugari eduki nituela eta horiek prestatzen aritu nintzela, baina txapelketa prestatzeko ere denbora izan nuen. Arreta gehiago nuen jarrita azterketetan, baina zapatuan xakean egitera joan nintzenean, zeharo deskonektatu nuen ikasketez, eta benetan dakidan moduan jokatu ahal izan nuen.
Noiztik zabiltza xakean?
Duela urte eta erdi inguru hasi nintzen. Anaia apuntatu zen aurrena, eta probatzera animatu nintzen neu ere. Gutxi gorabehera banekien xakean nola jokatzen zen, baina jokaldiak-eta ez nituen menderatzen. Beraz, xakean izena eman nuen, eta hasieratik mordoa gustatu zitzaidan.