Bihar zabalduko dute Azkoitia-Azpeitia maratoi erdirako izen ematea

Nerea Uranga 2024ko aza. 14a, 14:51

Aurreko maratoi erdiko une bat.

Datorren martxoaren 29an jokatuko da Diego Garciaren oroimenezko lasterketa. Azken edizioan bezala, hurrengoan ere Running festa! ospakizunaren barruan egingo dute, Erromerian lelo hartuta bailarako trikitilariak omenduz. Proba motzerako izen ematea ere bihar irekiko dute.

Diego Garciaren oroimenezko 32. Azkotia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdia 2025eko martxoaren 29an jokatuko da, eta bihar zabalduko dituzte maratoi erdirako nahiz lasterketa herrikoirako izen emateak Rockthesport.com webgunean.

Lasterketaren azken edizioetan bezala, goi  eta afizionatu mailako atletak nahiz korrikalari herrikoiak batuko ditu maratoi erdiak, antolatzaileek aurreratu dutenez. Kirola eta festa ere uztartu nahi dituzte azken Azkoitia-Azpeitian egin duten bezala Running festa! ospakizunaren barruan. Kirola eta kultura uztartzeko asmoari helduz, Erromerian lelo hartuta egingo dute 32. maratoi erdiaren edizioa. "Bi udalerriak, Azkoitia eta Azpeitia, lotzen dituen ibilbidean trikitiaren oihartzuna eta korrikalarien pausoak bat egingo dute, Diego Garcia zenaren izpiritua eta Urola Erdiko trikitiaren indarra batera omentzeko. Urola Erdia trikitiaren sehaska da, eta guztion ondareari bizirik helduz, kirola egunez jai giroa eta emozioa batuko dira", azaldu dute Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdiaren antolatzaileek.

Maratoi erdirako izen ematea eta prezioak

2024ko Azkoitia-Azpeitia nazioarteko maratoi erdian parte hartu zutenek 3 euroko deskontua izango dute datorren maratoi erdirako izen ematean eta 2 euroko deskontua lasterketa herrikoirako; deskontu hori abenduaren 31 baino lehen izena ematen dutenek izango dute.

  • Azaroaren 30era arte: federatuek 22 euro ordaindu beharko dute izen ematea, eta ez federatuek 25 euro.
  • Abenduaren 31ra arte:  federatuek 23 euro, eta ez federatuek 26 euro.
  • 2025eko urtarrilaren 31ra arte: federatuek 25 euro eta ez federatuek 28 euro.
  • 2025eko otsailaren 28ra arte: federatuek 28 euro eta ez federatua 31 euro.
  • 2025eko martxoaren 20ra arte:  federatuek 30 eta ez federatuek 33,00 euro.
  • Dortsalak amaitu arte: federatuak 33 euro eta ez federatuek 36 euro.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide