Azkoitiko Gurutze Gorriak lehen sorospenei buruzko oinarrizko ikastaroa eskainiko du datorren zapatuan, hilak 23. 09:00etatik 13:00etara bitartean eskainiko dute tailerra Gurutze Gorriko kideek, Elkarguneko Oteiza aretoan. Doakoa izango da ikastaroa, harik eta lekua bete arte. Herritarrei lehen sorospenak emateko beharrezko hezkuntza eta ezagutzak sustatu nahi ditu Gurutze Gorriak hala, baita larrialdi egoera baten aurrean nola jokatu azaltzeko tresnak eman ere.
Besteak beste, Bihotz-Biriketako Bizkortzearen (BBB) eta Kanpoko Desfibriladore Automatikoaren (KDA) prestakuntzari buruz arituko dira ikastaroan. Ikastaroa antolatu dutenek adierazi dute, bi teknika horiei buruzko ikastaro eginda izateak asko balio duela edozein egoeraren aurrean zuzen jokatzeko, bereziki, kirol inguruneetan jazo daitezkeen egonezin kasuei erantzuteko. "Ikerketa ugarik agerian uzten dute, BBB bat praktikatzeak eta KDA bat nola erabili jakiteak nabarmen areagotzen dutela egoera horretan dauden pertsonek duten bizirauteko aukera", azaldu dute.
Gainera, Gurutze Gorriak azaldu du bi teknika horien gaineko jakintzak eta prestakuntzak izateak herritarrei "gaitasuna" ematen dietela bihotz geldialdiak atzemateko, sorospen neurriak hasteko edota ahaleginak koordinatzeko, betiere Larrialdi Zerbitzuetako 112 telefono zenbakira aurrez deituta. "Modu horretan, norbanakoen eta kirol guneetako arduradunen artean segurtasun zein prestakuntza kultura sustatzea lortzen da".