Eudelen 'Gobernantza praktika onak' jardunaldian parte hartu du Ana Azkoitia alkateak

Ane Olaizola 2024ko aza. 13a, 15:36

Azkoitia, eskuinetik hirugarrena, jardunaldien antolatzaileekin eta parte hartzaileekin. (Azkoitiko Udala)

Udal aurrekontuen eta Garapen Jasangarrirako Helburuen arteko lerrokatze ariketa egitearen garrantzia azpimarratu du Ana Azkoitia alkateak jardunaldian. Azkoitiko Udalak bi urtez jarraian egin du ariketa hori.

Eudelek eta Europako Kontseiluak bultzatutako Eloge proiektuaren barruan —Azkoitiko Udalak Gobernantzako bikaintasunaren Eloge zigilua jaso zuen uztailean—, Gobernantza praktika onak jardunaldiak antolatu ditu Eudelek gaur goizean, eta Ana Azkoitia alkateak udal aurrekontuen eta Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) arteko lerrokatzearen garrantziaz hitz egin du saioan.

Hain zuzen, Azkoitiko Udalak bi urtez jarraian egin du aurrekontuaren eta Garapen Jasangarrirako Helburuen arteko lerrokatze ariketa, "udal politikek helburuetan duten eragina" ezagutzeko. Hain zuzen, iazko eta aurtengo aurrekontuetan zein iazko likidazioan egin du ariketa hori udalak, Eudelek tokiko erakundeen esku hartzen dituen gida eta tresna erabilita. "Lerrokatze ariketa aurrerapauso bat da. Tresna horri esker, gastua zertara bideratzen den ikus dezakegu GJHen ikuspegitik, eta, neurketa egin ekitaldiz ekitaldi. Tokiko erakundeok 2030 Agenda bultzatzeko ardura eta betebeharra ditugu, eta aurrekontua helburu horiek lortzeko dugun konpromisoaren isla da", adierazi du Azkoitiak. Udalaren arabera, oraindik "gutxi" dira aurrekontuak osatzerakoan ariketa hori egiten duten udalak, eta beraz, gaurko jardunaldiaren helburuetako bat tokian tokiko erakundeen praktika onak ezagutaraztea izan da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide