Europako Kontseiluak ematen duen Gobernantzako bikaintasunaren Eloge zigilua jaso du lehen aldiz gaur Azkoitiko Udalak. Eudelek eta Europako Kontseiluak elkarrekin antolatutako ekitaldian jaso du ikurra Ana Azkoitia alkateak, Donostiako Ekinn zentroan.
Udal zerbitzuen eta politika publikoen kalitatea neurtzen du Elogek. Autoebaluatzeko prozesu baten ostean aurkezten dituzte udalek beren hautagaitzak aipatutako aitortza lortzeko; Araba, Bizkai eta Gipuzkoaren kasuan, Eudelek sustatuta. Azkoitiko Udala lehen aldiz aurkeztu da aurten prozesura, eta aurrenekoan eman diote zigilua. Autoebaluaketa prozesuaren barruan, besteak beste, galdetegia zabaldu zuen herritarren artean.
Gaurko ekitaldian, Azkoitiarekin batera, Donostiak, Legazpik (Gipuzkoa), Irunek (Gipuzkoa) eta Ermuak (Bizkaia) ere jaso dute beren zigilua. Horrenbestez, hamalauraino hazi da Eloge zigilua duten Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udalerrien zerrenda –horietako batzuek behin baino gehiagotan jasoa dute–. Europa osoan 300 dira zigilu hori duten udalak.
"Prozesu aberasgarria"
Daniel Popescu, Europako Kontseiluko ordezkari eta Tokiko eta Eskualdeko Botereen Kongresuko tokiko demokrazia sustatzeko saileko buruaren eskutik jaso du Azkoitiko alkateak Eloge zigilua gaur Donostian.
Aitortzaren garrantzia eta hori eskuratzeko gauzatu duten prozesuak egin dien ekarpena nabarmendu ditu Azkoitiak bere hitzaldian: "Barne mailan prozesu aberasgarria izan da. Hasieratik zigilua lortzeko aukera erronka gisa hartu genuen, ikasketarako eta hobekuntzarako tresna zela ulertuta, eta hala izan da. Udalaren esku hartze eremuen inguruan ikuspegi askoz ere zabalagoa izaten lagundu digu. Eraginkortasunaz, gardentasunaz, giza eskubideez edota etikaz ari gara, eta, ondorioz, erantzukizunagatik eta konpromisoagatik hartu dugu parte. Administrazioa herritarren zerbitzura dago, eta udal ordezkariok exijenteak izan behar dugun lehenak gara. Errekonozimendu ororen atzean lan bat dago, eta barne mailan, prozesu hau nola lan egiten ari garen jabetzeko erreminta baliagarria suertatu zaigu". Azkoitiko alkateak herritarren eta udal teknikarien zein sailen parte hartzea eskertu du. "Sari hau denona da", esan du Azkoitiak.