Azkoitia, Gobernantzako Bikaintasunaren Europako Zigilua lortzeko hautagaien artean

Iraia Oteiza 2024ko uzt. 12a, 12:30

Europako 300 udalerri inguruk dute jada zigilua, eta horietatik hamabi Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoak dira. Hilaren 18an, osteguna, ezagutaraziko dute Gobernantzako Bikaintasunaren Eloge Zigilua lortu duten udalerrien zerrenda berria.

Datorren ostegunean, uztailaren 18an, Europako Kontseiluaren kalitate ziurtagiri gorena duten tokiko gobernuen zerrenda ezagutaraziko dute Donostiako Ekinn ekintzailetza zentroan. Azkoitia, Donostia, Irun, Errenteria, Legazpi, Erandio, Ermua eta Laudio dira Gobernantzako Bikaintasunaren Eloge Zigilua lortzeko euskal hautagaiak.

Euskal Autonomia Erkidegoan zigilua lortzeko egingo duten bosgarren aldia izango da aurtengoa. Aurreko lau edizioetan Araba, Bizkai eta Gipuzkoako hogei bat udalerrik parte hartu izan dute, eta horietatik hamabik jaso dute saria. Orotara, Europako 300 udalerri inguruk dute dagoeneko aitorpena.

Eudel Euskadiko Udalen Elkarteak jakitera eman duenez, hautagaiek autoebaluaziorako "metodologia zorrotza" erabiltzen dute zigilua lortu ahal izateko, eta horrek gobernu onaren hamabi printzipioei buruzko 72 adierazle gainditzea dakar: partaidetza demokratikoa; giza eskubideak; zuzenbide estatua; etika publikoa; kontuak ematea; irekitasuna eta gardentasuna; kalitatezko administrazioa, eraginkorra eta efizientea; lidergoa, gaitasunak eta ahalmenak; erreakzio gaitasuna; ekonomia eta finantza kudeaketa sendoa; jasangarritasuna eta epe luzerako ikuspegia; eta aldaketara zein berrikuntzara irekitzea.

Adierazle horietako bakoitza justifikatzeko, dokumentu ebidentziak eman behar izaten dira. Halaber, udal tresnak ere baloratzen dira, bai barnera begirakoak –aginte plana, finantza kontrolerako plana, aurrekontuak, erosketa publiko arduratsua eta berritzailea...–, eta baita kanpora begirakoak ere –parte hartzeko eta gardentasunerako bideak, etika- edo jokabide-kodea, 2030 Agenda estrategia...–.

Azkoitia aurreneko aldiz aurkeztu da zigilua lortzeko prozesura, Donostiarekin eta Errenteriarekin batera. Aurtengo ediziora aurkeztu diren gainerako udalerriek, berriz, aurreko edizioetan lortutako zigilu bat edo bi dituzte, eta aurten beste bat eskuratzeko aukera izango dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide