Garaipenarekin itxi du Biele ISBk Espainiako Kopako ibilbidea

Andoni Elduaien 2024ko aza. 13a, 09:12

Ierai Aizpitarte, saskira bidean. (Mikel Amenabar 'Otola')

Iñaki Merinok zuzentzen duen taldeak 85-71 menderatu zuen atzo arratsaldean, Azpeitiko kiroldegian, maila bat gorago lehiatzen ari den Grupo Alega Cantabria. Hori horrela, ISBk bina garaipenekin eta porrotekin itxi du kopako ibilbidea. Orain, liga txapelketan zentratzea dagokie ISBko gizonei.

Biele ISBk garaipena eskuratuta amaitu du aurtengoz Espainiako Kopako ibilbidea. Atzo, asteartea, 85-71 menderatu zuen Iñaki Merino entrenatzailearen taldeak ISB baino maila bat gorago, Espainiako Lehen Federazioan, lehiatzen ari den Grupo Alega Cantabria taldea.

Pare-parean hasi zuten lehia bi taldeek, 17na berdindu baitzuten lehen laurdena. Hain justu, aurreneko hamar minutuetan eta bigarrenaren hasieran lortu zuten bisitariek markagailuan aurretik izatea, baina errenta horiek ez zuten inoiz bi puntuko langa gainditu. Bigarren laurdenean, ordea, ISBk demaren agintea hartu zuen, eta puntu puntu aurkaria urratu zuen. Hein handi batean Iñigo Royoren puntuei esker lortu zuen etxeko taldeak markagailuan ihes egitea —11 puntu lortu zituen bigarren laurdenean—, baina jokalari guzti-guztien ekarpena izan zen ezinbestekoa: Waly Niangen erreboteak, Matthew Herasmeren zein Oier Indaren asistentziak... Azkenean, bederatzi puntuko zuloa ireki zuen ISBk, eta atsedenaldira 44-35 iritsi zen neurketa.

Bigarren erdian, kantabriarrek partidan sartu nahi izan zuten; hirugarren laurdena irabazteko gai izan ziren bisitariak. Dena den, ISBk tinko eutsi zion talde lanari. Unerik txarrenean, aurkariak lau puntura ere hurbildu zirenean, Ierai Aizpitarte agertu zen, eta joko antolatzaileak saskiratutako hamar punturi esker, bi taldeen arteko aldeari eusteko gai izan ziren otsoak; azken laurdenera 62-55 iritsi zen norgehiagoka.

Azken laurdenean ere etxeko jokalari bat nabarmendu zen: Mikel Olaizola. Eskolta azpeitiarrak bederatzi puntu saskiratu zituen, guztiak hiruko lerrotik. Amaierara hurbildu ahala, gainera, bisitariek etsi egin zuten, eta etxekoak hemezortzi puntura egotera ere iritsi ziren. Amaieran, Biele ISBk 85 eta Grupo Alega Cantabriak 71.

Atzoko deman, beste behin, Aizpitarte izan zen ISBko taldekide onena. Azpeitiarrak hemeretzi puntuko bataz besteko balorazioa lortu zuen, hemeretzi puntu saskiratuta. Dena den, Herasmek eta Olaizolak ere maila ona eman zuten, hurrenez hurren, hemezortzi eta hamazazpi puntuko balorazioak lortuta.

Kopa txapelketa atzean utzita, ISBk Bigarren Federazio txapelketan zentratu beharko du aurrerantzean. Igandean, hilak 17, Melilla Ciudad del Deporte taldea jasoko dute Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan hasita. Bi taldeak sailkapenaren erdi-erdian daude, hiruna garaipenekin eta hiruna porrotekin. Hain justu, sailkapenean jauzia emateko balioko du igandeko partidak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide