Euskadiko Bigarren Mailako Aizkora Txapelketaren finalak hartuko du Gurea pilotalekua datorren igandean, eta maila horretan lehiatzen diren aizkolariak nor baino nor arituko dira lehian, 12:00etan hasita. Hain zuzen, honako sei aizkolari hauek jokatuko dute finala: Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Eneko Otañok, Ugaitz Mugerzak, Iban Resanok, Mikel Larrañagak eta Yulen Aranberrik.
Bi kanaerdiko, bi hiru ontzako eta bi oinbiko ebaki beharko dituzte horiek, eta aurreneko bi postuetan geratzen direnek lehenengo mailan jokatuko dute datorren denboraldian. Izan ere, Ezpal elkarteko kideek Euskadiko Federazioak antolatutako txapelketetan berriro lehiatzea erabaki zuten iazko sasoian, eta kategoria baxuenetan lehiatzen hasi behar izan zuten aizkolari horiek berriro orduan. Hain zuzen, iaz bigarren mailara igo ziren Larrañaga eta Txikia IV.a, eta orain, gorengo mailara jauzia emateko lehiatuko dira.
Saioa borobiltzeko, gainera, harri jasotzaileek ere parte hartuko dute igandean, eta Aritz Aranguren Norde azkoitiarrak eta Urdax Magunazelaiak erakustaldia eskainiko dute.
Sarrerak egunean bertan eskuratu ahal izango dira, pilotalekuko leihatilan.