Gipuzkoako Elikagaien Bankuak asteburuko elikagai bilketa handirako dei egin die boluntarioei

Andoni Elduaien 2024ko aza. 18a, 09:00

Azkoitiko elikagai bankuaren egoitza. (Artxiboa)

Datorren ostiralean eta zapatuan bilketa handia egingo du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak. Boluntario bezala lan egiteko prest egon daitezkeen herritarrei dei egin die gobernuz kanpoko erakundeak, horiek bilketa egunetan lagundu dezaten.

Gipuzkoako Elikagaien Bankuak janari eta bonu bilketa handia egingo du asteburuan. Ostiralean, hilak 22, eta zapatuan, hilak 23, Azkoitiko supermerkatuetan jarriko ditu erakundeak herritarren ekarpenak jasotzeko postuak. Herrian bankuan boluntario aritzen direnek jakinarazi dute, gainera, bonuen bidez biltzen duten diruaren gehiengoa Valentzian (Herrialde Katalanak) izandako uholdeetan kaltetutako herritarrei bideratuko dietela.

Dena den, gobernuz kanpoko erakundeak boluntario bezala lan egiteko prest egon daitezkeen herritarrei dei egin die, bilketa handia egiteko jende gehiagoren beharra baitute. Modu horretan laguntzen dutenek lau ordu inguruko txanda egin beharko dute. Boluntario bezala lan egiteko prest daudenek 686 682 256 telefono zenbakira deitu beharko dute.

Urtero sasoi honen bueltan antolatzen du Gipuzkoako Elikagaien Bankuak bilketa handia, erakundearen egoitzetako apalategiak produktuz eta elikagaiz betetzeko eta horiek urte osoan zehar herriko pertsona zaurgarrienen artean banatzeko.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide