San Martingo mendi lasterketa jokatuko dute bederatzigarrenez, zapatuan

Andoni Elduaien 2024ko aza. 12a, 12:05

Alaitz Oruesasgati iazko irabazlea ermita gainera iristen. (Ihintza Elustondo)

Aurten, bikote mistoen lasterketa ere jokatuko dute San Martinen; hori horrela, banaka nahiz binaka antxintxika egiteko aukera izango dute parte hartzaileek. Probarako izena egunean bertan eman beharko da Mikologia elkartean, 10:00etatik aurrera.

Datorren zapatuan, azaroak 16, IX. San Martin Mendi Lasterketa jokatuko dute San Martin, Txalintxo eta Munoaundi artean. Auzoko San Martin jaien barruan antolatu ohi du Mikologia elkarteak mendi lasterketa, eta aurten, bederatzigarrenez egingo dute. Helduen proba 11:00etan hasiko da, eta horiek 7,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute, 400 metroko desnibel positiboan. Aurrez, 10:40ean, umeen lasterketa jokatuko dute urtero bezala.

Gurutzeaga eta Txalonerreka eremuetan eraikitzen ari diren etxebizitzen obrek eraginda, aldaketak izango ditu lasterketaren ibilbideak, bereziki amaierako metroetan; izan ere, lanak egiten ari diren eremutik ez dute pasatzerik izango parte hartzaileek, eta hori horrela, ibilbidea moldatu behar izan dute. Dena den, parte hartzaileen artean "intriga nahiz ziurgabetasuna" pizteko, antolatzaileek ez dute ibilbidea nondik eta nora amaituko den argitzerik nahi izan. Dena den, aurreratu dute "iazko antzekoa" izango dela. Jakinekoa dena da korrikalari guztiek San Martin auzoko Mikologia elkartearen paretik abiatu eta San Martin ermitako kanpaia jota amaitu beharko dutela.

Aldiz, umeena bai, haurren lasterketaren ibilbidea jakinarazi dute. Mikologia elkartearen paretik hasiko dira umeak, eta Balda nahiz Nemesio Otaño kaleen bidegurutze pareraino jaitsiko dira. Nolanahi ere, parte hartzaileek antolatzaileek eskuetan eramango duten zinta baten atzetik jaitsi beharko dute. Mikologia elkartean izango du umeen lasterketak amaiera, eta beraz, berriro hara igo beharko dute haurrek; horretarako auzoko eskailerak erabili beharko dituzte.

Izen-ematea, egunean bertan

Lasterketan parte hartu ahal izateko, nahitaezkoa izango da aurrez izena ematea. Ordea, horretarako aukera egunean bertan jarriko dute Mikologia elkartean, 10:00etatik aurrera. Aurten, berrikuntza bezala, izen-ematea bi eratara egiteko aukera izango da; izan ere, antxintxika banaka egiteaz gain, Mikologia elkarteak lasterketa bikote mistoan egiteko aukera ere eskainiko du 2024. urte honetan. Antolatzaileek azaldu dute "emakumeen parte hartzea sustatzeko" antolatu dutela bikote mistoen proba. Hori horrela, lasterketa banaka egin nahi dutenek 10 euro ordaindu beharko dute inskripzioa, eta bikotean egin nahi dutenek, 20 euro.

Lasterketa amaitu ondoren, hamarretakoa eskainiko dute Mikologia elkartean, eta segidan, sariak banatuko dituzte. Batetik, aurreneko gizona eta emakumea sarituko dituzte, eta bestetik, aurreneko bikote mistoa; horiek Kurutzia etxeko otarre bana jasoko dute. Nolanahi ere, zozketak ere egingo dituzte parte hartzaile guztien artean. Antolatzaileek jakinarazi dute, Elkarguneko kiroldegian dutxatzeko aukera izango dutela proban parte hartzen duten guztiek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide