Itoiz taldeari buruzko dokumentala estreinatu dute Zinebin

Ane Olaizola 2024ko aza. 12a, 09:48

Dokumentaleko irudi bat. (Doxa)

Itoiz udako sesioak zuzendu dute Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak, eta taldeko abeslari eta gitarrista izan zen Juan Carlos Perez Azkoitiko bizilagunak ere parte hartu du proiektuan. Urtarriletik aurrera zinema aretoetan ikusi ahal izango da.

1978tik 1988ra arte aritu zen Itoiz taldeari buruzko Itoiz udako sesioak dokumentala estreinatu zuten atzo, astelehena, Zinebi Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian. Larraitz Zuazok, Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak zuzendu dute ikus-entzunezko lana, eta taldeko abeslari eta gitarrista izan zen Juan Carlos Perez Azkoitiko bizilagunak ere parte hartu du proiektuan.

1970eko hamarkadako hainbat grabazio zein Perezek eta Jose Garate Foisis-ek 15 eta 16 urte zituztenean elkarrekin etxean egindako hainbat grabazio biltzen zituen Udako sesioak izeneko kasete bat berreskuratuta ondu dute zinema zuzendariek dokumentala, Doxa ekoiztetxearekin. Hain zuzen, zinta horien bidez, "bidaia katartiko" bat osatu dute egileek, zuzendariek Berria-ri adierazi diotenez.

Zazpi urteko lanaren ostean, atzo aurkeztu zuten hamarkada batez sona handia lortu eta tamaina bereko ondarea utzi zuen musika taldeari buruzko dokumentala. Etzi ere ikusi ahal izango da lana Bilboko jaialdian, eta Gijongo Ficx nazioarteko zinema jaialdian ere emango dute, haiekin egindako hitzarmenari esker. Urtarrilean, berriz, zinema aretoetan hasiko du bidea dokumentalak.

Hemen dokumentalaren aurrerapen bideoa:

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide