Anaitasunak garaipenak bildu ditu asteburuan

Andoni Elduaien 2024ko aza. 11a, 09:32

Naira atezainak behin baino gehiagotan salbatu zuen taldea. (Anaitasuna)

Gizon-emakumeen lehen taldeek garaipen bana eskuratu dute asteburuan. Larunbatean, emakumeek 2-1 menderatu zuten Sestao River Txerloian, eta atzo, igandea, gizonek 0-1 irabazi zuten Tolosan.

Asteburua ona izan da Anaitasunarentzat, gizon-emakumeen lehen taldeek garaipen bana eskuratu baitute. Larunbatean, Txerloian, emakumeen taldeak 2-1 irabazi zion Sestao Riverri, eta atzo, igandea, gizonen taldeak 0-1 irabazi zuen Tolosaren aurka, Tolosako Berazubi zelaian (Gipuzkoa).

Pare-pareko neurketa jokatu zuten Anaitasunak eta Sestao Riverrek Txerloian, sailkapenean bi taldeek duten parekotasunaren adierazle. Biek izan zituzten partidan aurrea hartzeko aukerak, lehena, ordea, Sestaokoek. Dena den, Naira atezainak geldiketa ona egin zuen, eta kanpokoen lehen gola ekidin zuen hark. Ondoren, Anaitasuna saiatu zen; 27. minutuan gertu izan zuten gorritxoek lehen gola. Dena den, ate aurrean bizkaitarrek asmatu zuten atsedenaldira iristeko hamar minuturen faltan.

Ordea, bigarren zatiari indartsu ekin zioten gorritxoek, eta June saiatu zen gola egiten 50. minutuan. Minutu onak osatu zituen Mikel Barquerok zuzentzen duen taldeak, eta azkenean, saria lortu zuen. 74. minutuan, Junek egin zuen partida berdintzeko gola. Zelaian gehiago izaten jarraitzen zuten gorritxoek, eta arauzko denbora betetzeko lau minutu falta zirela, Arettek egin zuen Anaitasunarei garaipena emango zion gola.

Saiatu izanaren saria jaso zuen Anaitasunak zapatuan etxean. Orain, sailkapeneko hamalaugarrena da Anaitasuna, bederatzi punturekin. Datorren asteburuan ere etxean arituko da Barqueroren taldea; Altzarrate Laudio taldea izango dute arerio gorritxoek, sailkapeneko azkena. Aukera ederra izango dute garaipena lortu eta sailkapenaren erdialdean kokatzeko.

Gizonek, hirugarrena jarraian

Anaitasunaren gizonen taldeak, bestalde, hirugarren garaipena katigatu zuen jarraian, atzo Tolosari 0-1 irabazita. Zelaian nagusitasuna erakutsiz hasi zuen Anaitasunak partida, baina minutuek aurrera egin ahala, demak berdintzera jo zuen. Tolosak izan zuen partidako lehen gol aukera, baina burukada batekin saiatuta kanpora bidali zuten baloia. Ondoren, Anaitasunako Errazu eta Ekai saiatu ziren, baina azkenean, Xabi Soraluzek lortu zuen Anaitasuna aurretik jartzea. Hala iritsi zen norgehiagoka atsedenaldira.

Tolosak partida berdintzeko indarra erakutsi zuen bigarren erdiaren aurreneko minutuetan; konplikatzen hasi zen lehia Anaitasunarentzat, are gehiago epaileak Errazu egotzi zuenean; neurketa amaitzeko hogei minuturen faltan, gorritxoak jokalari bat gutxiagorekin gelditu ziren. Loren Barbado entrenatzaileak taldea egoera berrira egokitu behar izan zuen, eta atzea sendotuta, hiru puntuak pilatzea lortu zuten.

Beheko zuloan egotetik, sailkapeneko goiko postuetaraino igo da Anaitasuna. Azken hiru jardunaldietan bederatzi puntu batuta, seigarrena da orain Barbadoren taldea; hamalau puntu ditu Anaitasunak, Zarautz liderrak baino bederatzi gutxiago eta Bergara bigarren sailkatuak baino hiru gutxiago. Datorren asteburuan, Vasconia sailkapeneko azkena jasoko dute Txerloian.

Epaileak Errazu egotzi zuen hogei minuturen faltan. (Anaitasuna)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide