Haritz Aranguren Norde harri jasotzaile gazteak Gamiz-Fikako (Bizkaia) harri jasotze txapelketa irabazi du gaur, igandea. Harri jasotzaile azkoitiarrak bere ibilbideko aurreneko txapela lortu du gaur, hala. Absolutuen kategorian, hiruna minutuko lana osatu behar izan dute hiru harri desberdinekin: batetik, 100 kiloko zilindro zaharra altxatu behar izan dute; bestetik, 100 kiloko kubiko; eta azkenik, 100 kiloko bola.
Bizkaiko beste bi harri jasotzaile izan ditu aurkari Nordek; batetik, Iñaki Rafael harri jasotzaile gernikarra, eta bestetik, Engells Bello busturiarra. Nolanahi ere, hiru kirolarietan onena azkoitiarra izan da, eta hari jantzi diote buruan txapela. Guztira, 67 altxaldi lortu ditu azkoitiarrak: 28 aldiz jaso du zilindroa, hogei aldiz bola eta hemeretzi aldiz kubikoa.