Izaro Arriola, Gipuzkoako txapeldun

Andoni Elduaien 2024ko aza. 10a, 10:32

Izaro Arriola, atzo, Azpeitian. (Anaitasuna Kakute)

Arriolak Elustondo menderatu zuen atzo, zapatua, Azpeitian, eta zonaldeko Gipuzkoako txapelketa irabaztea lortu du. Gainera, Gipuzkoako Txapelketa irabazten duen historiako aurreneko emakumea da azkoitiarra; 45 urteko ibilbidean sekula ez du emakume batek Gipuzkoako txapelik lortu.

Izaro Arriola Anaitasuna Kakute xake taldeko kidea da Gipuzkoako Hirugarren Mailako Xake Txapelketako zonaldeko txapelduna. Atzo, zapatua, Azpeitian jokatu zuten lehia, eta azken kanporaketa oso estu batean, Aitor Elustondo gainditu zuen Arriolak. Gainera, azkoitiarra da Gipuzkoako Txapelketa bat irabazten duen aurreneko emakumea; 45 urteko ibilbidean aurrenekoz lortu du emakume batek halako txapelketa bat irabaztea.

Txapelketa irabazteko, Arriolak nahikoa zuen atzo partida berdintzea, baina ez zuen arriskurik hartu nahi izan, eta irabazteko asmoarekin ekin zion demari. Laster lortu zuen abantaila azkoitiarrak, baina estualdi batean Elustondok lehia berdindu zuen eta Arriolari okertu egin zitzaion aldekoa zuen egoera. Ordea, aurkariak huts egin zuen jokaldietako batean, eta Arriolak aprobetxatu egin zuen; hala lortu zuen hark txapelketa irabaztea.

Senideek, Anaitasunako bazkideek eta zaletuek babestuta, Arriolak klubaren historian sartzea lortu du. Atzokoa, "urduritasun handiko arratsaldea" izan zela adierazi du Anaitasuna Kakute taldeko zuzendaritzak, nahiz eta Arriola "oso lasai" ikusi zuten. "Lorpen handia da berarentzat eta Paredes, Anibal, Valor nahiz beste begiraleentzat; baita klubarentzat ere, noski", azaldu du Txelu Fernandez klubeko presidenteak.

Garaipena "lanaren emaitza" izan dela nabarmendu du presidenteak, eta xakearen "balioak indartu" egiten dituela. "Arriolak jakin du kontzentratuta jokatzen, egoeraren analisia nahiz balorazioa egiten, erabakiak hartzen, lasaitasunez emozioak kontrolatzen, jokaldi onak zein txarrak onartzen, eta, batez ere, arrakasta partekatzen. Gizarte honetan, eta, batez ere, nerabezaroan, falta diren balioak dira", azaldu du. 

Anaitasuna Kakute klubak jakinarazi du Arriola bera izendatuko dutela 2024. urteko klubeko xakelari onena; Gipuzkoako txapelduna izango da udalak antolatzen duen Kirolari Onenaren saria lortzeko hautagaietako bat. Halaber, sanandresetan jokatuko duten xake txapelketako kartela ere Arriolak aurkeztuko duela iragarri du xake klubak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide