Biele ISBk galdu egin zuen atzo, zapatua, Archenan (Murtzia, Espainia). Azken laurdeneko hondarreko minutu estuak jokatuta, 87 eta 85 galdu zuen Iñaki Merinok zuzentzen duen taldeak Bigarren Federazio mailan berria den La Salud Archena taldearen aurka. Etxekoak gehiago izan ziren lehen zatian, eta bigarrenean nagusitu zen Azkoiti-Azpeitiko taldea. Nolanahi ere, Merinorenek ez zuten laugarren garaipena segidan katigatzerik lortu.
Lehen laurdeneko okerrak garesti ordaindu zituen amaieran Biele ISBk; izan ere, hasi eta berehala lortu zuen etxeko taldeak markagailuan tartea zabaltzea. 27 puntu saskiratu zituzten murtziarrek lehen hamar minutuetan, gehiegi Azkoiti-Azpeitiko taldearen intereserako. Zazpi puntuko abantaila eskuratu zuen Archenak partidaren estreinako laurdenean, eta hura txikiagotzeko lanean aritu zen ISB; lau puntura hurbildu ziren gehienera ere. Dena den, laurdena 27-20 itxi zuten bi arerioek Joaquin Lopez Fontes pabiloian. Ordea, bigarren laurdenean hautsi zuten etxekoek zazpi puntuko errentako langa; aldea bikoiztu zuten murtziarrek tarte batean. Hain justu, orduan hasi zen ISBren erreakzioa. Klik egin, lehia bere onera ekartzeko zer egin behar zuen ulertu, eta jokaldi bakoitzari, erasoan zein defentsan, behar zuen garrantzia eman zion. Azkenean, laurdena 45-37 amaitu zen etxekoen alde.
Aldageletatik buelta egindakoan ikusi zen ISBrik onena, eta partidari hutsetik ekin nahian, bigarren laurdeneko azken minutuetan gisan jokatu zuen taldeak, Ierai Aizpitartek eta Kevon Lamar Godwinek bultzatuta. Partzial on bati esker hiru puntura hurbildu zen Merinoren taldea, eta bete-betean sartu zen partidan. Dena den, etxekoek berriro alde egitea lortu zuten laurdenaren erdian, eta partida berriro haustear izan ziren haiek. Halere, murtziarren kolpeari ondo erantzun zion Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta bizirik ailegatu zen azken laurden erabakigarrira. Hain zuzen, orduan lortu zuen ISBk aurrenekoz aurrea hartzea. Puntu banaketarekin hasi zuten laurdena, baina 3-12 partzialari esker, ISB markagailuan aurretik jarri zen (74-77). Handik amaierara bitartean talde batek zein besteak asmatu zuen erasoan, eta 85 punturekin partida berdinduta zela, etxekoek asmatu zuten. Dema hautsiko zuen saskiratzea eskuratu zuten murtziarrek, eta bide batez, denboraldiko aurreneko garaipena lortu zuten etxean (87-85).
ISBko jokalarien artean, hain justu, Aizpitarte eta Godwin nabarmendu ziren Murtzian. Bi jokalariek hemeretzina puntu lortu zituzten taldearentzat, eta hogei puntuko balorazioa eskuratu zuten. Datorren igandean, hilak 17, Melilla Ciudad del Deporte taldea jasoko dute Azpeitiko kiroldegian, 18:00etan hasita. Sailkapenean pare samar daude ISB eta Melilla, eta beraz, gora begira jartzeko edo beheragoko postuetan kokatzeko balioko du lehiak.
Domusa Teknik ISBk, aldiz, ez du asteburu honetan partidarik; Alter Enersun Al-Qazeres Extremadura taldearen aurka zuten asteburu honetan, baina hilaren 20an, asteazkenez, jokatuko dute partida Azkoitiko Elkargunean (20:00).