Etxebizitza sindikatuak asanblada deitu du biharko

Andoni Elduaien 2024ko aza. 8a, 15:31

Sindikatuko kideak eta zenbait herritar, asanblada batean. (Etxebizitza Sindikatua)

Elkargunean egingo du Etxebizitza Sindikatuak asanblada 11:00etan hasita. Errolda lortzeko urratsak biltzen dituen gida aurkeztuko dute, eta hala, errolda lortzeko eskubidea pertsona guztiena dela aldarrikatuko dute.

Bihar, zapatua, Etxebizitza Sindikatuak asanblada egingo du 11:00etan, Elkarguneko Oteiza aretoan. Iaz, sindikatuak errolda sozialaren gaia landu zuen, eta erroldatu gabe eskualdean zenbat lagun bizi den ikertu zuten. Hain justu, ikusi zuten Azkoitian, bereziki, jende ugari bizi dela erroldarik gabe.

Horri tiraka, udan gida bat sortzen aritu dira etxebizitza sindikatuko kideak, eta bertan jaso dute eskualdera etortzen den jendeak udaletako Gizarte Zerbitzuen sailera jotzean zer urrats egin behar dituen. Gida horri buruzko azalpenak emango dituzte biharko bilkuran, eta, era berean, errolda lortzeko irizpideak oso zurrunak direla eta horiek lortzeko bideak malguagoak izan beharko luketela aldarrikatuko dute; alegia, errolda eskubidea pertsona guztiek izan beharko luketela adieraziko dute.

Azkoitia Gukak Etxebizitza Sindikatuko kideekin hitz eginda haiei buruzko erreportajea landu du aurten. Honako lotura honetan irakur daiteke oso-osorik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide