Herrian erroldatu ezinda

Iraia Oteiza 2024ko abu. 27a, 14:59

Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatua erroldaren auzia lantzen ari da Azkoitian, errolda herritar ororen eskubidea den arren, batzuei "ukatu" egiten zaiela iritzita. Udalak errolda eskuratzeko "irizpide zorrotzegiak" dituela uste du sindikatuak, eta horiek "malgutzeko" eskatu dio.

Erroldari lotutako arazoak nabarmen ugaritu direla azpimarratu du Urola Erdiko Etxebizitza Sindikatuak, bereziki Azkoitian, eta erroldaren auziari heldu dio kolektiboak. Joan zen azaroan sortu zuen Kontseilu Sozialistak sindikatua, "etxebizitzaren esparruan izaten diren eraso eta gehiegikeriei modu kolektiboan aurre egin eta baldintzak hobetzearen alde borroka egiteko asmoz". Kolektiboa sortu zutela zortzi hilabete igarota, sindikatuak jaso dituen herritarren deien kopuru handi bat errolda arazoengatik izan da. Eskualdeko 30 bat kasu artatu dituzte gaiari lotuta, gehienbat Azkoitian.

"Etxebizitza eskaintza urriaren eta alokairu prezio altuen ondorioz, hainbat errealitate normalizatu ditugu: kontraturik gabeko logeletan bizitzea, lagunen baten edota familiartekoen etxean bizitzea, uneoro bizitokiz aldatu behar izatea… Halako egoeren ondorioz erroldarik ez duten herritar ugari daude Azkoitian", nabarmendu dute Irati Agirre eta Jon Mangas Etxebizitza Sindikatuko kideek. Izan ere, herrian bizi izana frogatzen duen dokumenturen bat ezinbestekoa da errolda lortzeko, eta denek ez dute froga hori izaten.

"Errolda egiteko irizpideak malgutu eta gaur egungo egoerara egokitu behar dira"

Azkoitiko Udalaren irizpideen arabera, hiru aukera daude herrian erroldatzeko: etxebizitza norbere izenean duenak, jabetza titulua udaletxera eramanda lortu dezake errolda; alokairuan dagoenak, berriz, alokairuaren kontratua emanda nahikoa izango du; eta azkenik, lagunen edota familiartekoren baten etxean bizi denak, haren baimena idatziz eraman beharko du udaletxera.

Etxebizitza sindikatuaren arabera, baina, guztientzat ez da dirudiena bezain erraza: "Errolda lortu ezinean dabilenaren gehiengoa atzerritarra da, eta horietako asko alokairuan bizi dira. Indarra hartzen ari da logelen alokairua, eta legez kanpokoa bada ere, ahozko kontratuak egiten dituzte etxejabe askok, diru gehiago irabazteko. Alokairuaren kontratu idatzirik gabe herritar askori errolda ukatzen zaie". Halaber, kasu batzuetan errolda tramitatzeko etxejabea udaletxera bertaratzera derrigortu izana salatu dute. "Errolda herritar guztien eskubidea da eta halako neurriekin ez dago bermatuta. Hor arazoa dago jende askorentzat", azaldu dute.

Bizi proiektua garatzeko zailtasunak

Agirrek eta Mangasek azaldutakoaren arabera, erroldarik ez izateak zentzu askotan eragiten die herritarrei: "Osasun txartela lortzeko edo zenbait ikastaro egiteko, esaterako, errolda ezinbestekoa izaten da. Guregana jo duten pertsonetako askok zerbitzu horiei loturiko arazoak dituzte. Horietako batzuk gaixorik daude, baina ezin dute ordaindu hain beharrezkoa duten medikazioa, osasun txartelik ez dutelako. Beste batzuk, berriz, lana aurkitu ahal izateko ikastaroak egin nahi dituzte, baina formakuntza jaso ezinda geratzen dira, errolda faltarengatik. Azken batean, bizi proiektua garatu ezinik geratzen dira".

Hain zuzen, Azkoitian errolda lortu ezinda dabiltzan bi pertsonak beren egoeraren berri eman dute modu anonimoan. Horietako batek azaldu duenez, 400 bat euro ordaindu behar izaten da logela soil baten alokairua, eta etxejabeak idatzizko kontratua ez egitea erabakitzen badu, "erroldatu ezinda" geratzen dira. "Egoera ez da batere erraza", azaldu du berak.

Erroldaren auziak eragiten dion beste herritarrak, berriz, "gaixotasun larri bat" duela kontatu du, eta osasun txartelik ez duenez, "osasun jarraipena egin ezinda" dagoela dio. Izan ere, txartelik gabe soilik larrialdietara joateko aukera du.

Irati Agirre eta Jon Mangas, Etxebizitza Sindikatuko kideak.

Irizpide "zorrotzegiak"

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, udal bakoitzak erabakitzen du errolda zein irizpideren arabera emango duen, hau da, errolda egiteko zein dokumentu eskatuko dituen. Azkoitiko Udalak baina, "geroz eta irizpide zorrotzagoak" jartzen dituela salatu du Etxebizitza Sindikatuak: "Lehen, adibidez, ez zen derrigorrezkoa alokairu kontratua izatea errolda egin ahal izateko, baina gaur egun, dokumentu hori izatea beharrezkoa da. Errolda egiteko irizpideak malgutu eta gaur egungo egoerara egokitu beharra dago, bestela geroz eta jende gehiago egongo da erroldarik gabe".

Gaineratu dutenez, norbait herrian bizi dela frogatzeko, udalak eskaintzen dituenak baino aukera gehiagok egon behar lukete, esaterako, seme-alaben eskolaratze paperak edota helbidera bideratuta dauden fakturak. Horrez gain, sindikatukoen ustetan, udaleko Gizarte Zerbitzuek ere egiazta dezakete pertsona bat helbide jakin batean bizi ote den.

"Osasun txartela lortzeko edo zenbait ikastaro egiteko, errolda ezinbestekoa da"

Errolda sozialaren aukera ere mahai gainean jarri dute. "Egun, errolda sozial gisa ulertzen da bi eskubideren nahasketa: erroldatzeko eskubidea eta betebeharra leudeke batetik, eta gizarte sektore zaurgarrienen babesa bermatzeko administrazioaren betebeharra bestetik. Bigarrena posible izan dadin, aurrena erroldatzeko aukerak indarrean egon behar du sektore zaurgarri horientzat, eta hain zuzen, zeregin hori bete beharko luke errolda sozialak. Tokian tokiko Gizarte Zerbitzuek erregulatzen dute errolda mota hori", azaldu dute.

Azkoitiko kasuan, kalean bizi direnentzat edota droga menpekotasunak dituztenentzat izaten da aipatutako errolda mota. Baina, errolda mota horretatik kanpo herritar ugari geratzen dela azaldu dute Agirrek eta Mangasek: "Gu salatzen ari garen egoeran dauden herritarren kasua bestelakoa da, ez direlako kalean bizi eta menpekotasun arazoak ere ez dituztelako. Ondorioz, errolda soziala emateko irizpideek ez diote erantzuten gaur egun herrian dagoen errealitateari". Arazoari aurre egiteko tresna izan zitekeen arren, "egiaz eraginkorra ez den aukera" moduan deskribatu dute biek Azkoitiko errolda soziala.

"Eskolaratze paperak, fakturak, errolda soziala... errolda arazoari irtenbidea emateko gure proposamenak baino ez dira, baina udalak aintzat hartu beharko lituzkeenak. Aldaketa txikiak dira, baina jende askori lagun diezaiokete". Era berean, sindikatuko kideak jakitun dira errolda egiteko irizpideak "gehiegi malgutuz gero", atzerritar asko etortzeko "arriskua" dagoela, errolda lortzea "erraza" denaren mezua "aise" zabalduko litzatekeelako. "Udal askoren joera izan da azkenaldian errolda egiteko irizpideak zorroztearena. Kanpoko jende asko etorriko denaren beldur direla esango genuke, eta horregatik jokatzen dute modu horretan", adierazi dute.

Bestalde, Azkoitiko Udalak jakinarazi du datozen egunetan bilduko dela Etxebizitza Sindikatukoekin, "gaiaren inguruko kezkak eta irtenbideak elkarrekin partekatzeko".

Bien bitartean, Etxebizitza Sindikatuak erroldaren auzian "lanean" jarraituko duela esan du, eta horretan sakontzeko espazioak sortzea ezinbestekotzat jo du. "Garrantzitsua da Azkoitiko errealitatea ezagutzea eta pixkanaka horren inguruko kontzientzia hartzen joatea". Horrez gain, beharrezkotzat jo du udala "egungo egoerara moldatzeko prest" egotea, eta "arazoa baretzeko beharrezko neurriak" har ditzala eskatu dio. "Errolda lortu ezinda dauden horiek osasun arlora sarbidea, lan baimena eta egonkortasuna baino ez dituzte nahi, hau da, askok konturatu ere egin gabe dauzkagun eskubideak edukitzea baino ez. Erroldarekin konpontzen dira horiek", gaineratu dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide