Amaitu dituzte Floreagan zenbait azpiegitura hobetzeko abuztuan hasitako lanak. Hil horretan hasi zituzten gune horretan lanak, eta, besteak beste, ur hornidura eta saneamendu sareen eraberritzeko obrak egin dituzte. Excavaciones Ekin eraikuntza enpresa arduratu da lanez; aurreikusitako hamabost asteko iraupena izan dute lanek, eta 251.731 euroko aurrekontua.
Floreagako Izarraitz kalean, batetik, zuntz zementuzko hoditeria sarea ordezkatu dute 113 metro luzeko hoditeria berriagatik, eta bestetik, ur saneamendurako kanalizazio berriak instalatu dituzte ur zikinak eta euri urak bereizteko sare banatzaile bat sortuz; guztira, 239 metroko luzeran berritu dituzte hodiak. Horrekin batera, ur hornidura eta saneamendu sareen paraleloan igaroko den argiteria publikoko lerro berria sortu dute. Proiektu horren barruko azken lanak espaloiari lotutakoak izan dira, eta bertan zoladura ordezkatu eta espaloia zabaldu dute. Baranda eta farolak jartzea falta da oraindik, baian udalak adierazi duenez "hurrengo asteetan" ipiniko dituzte.
Dena den, Katuin inguruan ere aritu dira lanean, eta han lehendik zeuden zuntz zementuzko ur hornidurako hodiak ordezkatzeko sare berri bat instalatu dute. Imanol Arrizabalaga Hirigintza zinegotziak azpimarratu du azpiegituretan inbertitzen jarraitzea "behar-beharrezkoa" dela, batetik, "uraren kudeaketa hobetzeko", eta bestetik, "segurtasuna bermatzeko nahiz ihesak saihesteko". "Azken urteotan, herriko gune askotan esku-hartu da. Pixkanaka ari gara ur zikinen eta euri uren sareak bereizten, eta hoditeria berritzen", adierazi du zinegotziak.