Katuin inguruan eta Floreaga auzoko Izarraitz kalean zenbait lan egiten ari dira joan den asteaz geroztik. Gipuzkoako Urakek sustatutako proiektua da, eta joan den astetik ari da Floreagan lanean Excavaciones Ekin eraikuntza enpresa. Hain justu, ur hornidura eta saneamendu sareen eraberritze proiektuaren barruan sartu dituzte bi guneetako lanak.
Katuin inguruan, lehendik zeuden zuntz zementuzko ur hornidurako hodiak ordezkatuko dituen sare berri bat instalatuko dute. Izarraitz kalean ere zuntz zementuzko hoditeria sarea ordezkatuko dute. Dena den, Floreagako kale horretan lan gehiago ere egingo dituzte. Batetik, ur saneamendurako kanalizazio berriak instalatuko dituzte sare banatzaile bat sortuz. Horrekin batera, ur hornidura eta saneamendu sareen paraleloan igaroko den argiteria publikoko lerro berria sortuko dute. Proiektu honen barruko azken lanak espaloiari lotutakoak izango dira, eta aurrez egindako lanen eremuan zoladura ordezkatu eta espaloia zabalduko dute.
Lanek 251.731 euroko aurrekontua dute, eta horiek gauzatzeko hamalau asteko epea izango dute langileek.