Merkatariek azaroaren 29ra bitartean eman ahalko dute Gabonetako Erakusleiho Erakusketarako izena

Andoni Elduaien

Saltoki bateko erakusleihoa, lehiaketa baterako atonduta. (Ane Olaizola)

Udalak eta Herrixenek antolatutako egitasmoan parte hartzeko, izena eman beharko dute aurrez herriko saltokiek. Horretarako azken eguna azaroaren 29a, ostirala, izango da.

Azkoitiko Udalak eta Herrixen merkatari elkarteak bigarrenez jarri dute martxan Gabonetako Erakusleiho Erakusketa egitasmoa. Tokiko merkataritza txikia "bultzatzea" du helburu egitasmoak, baita kontsumitzaileen erosketa ohituretan eragitea, eta bertan nahiz bertakoa lehenetsiz, Gabon giroa piztea ere.

Egitasmoan parte hartu ahal izateko, ordea, izena eman beharko dute merkatariek azaroaren 29a baino lehen; udaletxeko Herritarren Arreta Zerbitzuan edota Herrixen elkartearen bulegora joanda —Kultur Etxeko lehen solairuan— nahiz herrixen@hotmail.com helbide elektronikora idatzita eman ahalko da izena.

Behin izen-emate epea itxita, udalak eta elkarteak abenduaren 19an egingo dute merkatariei zuzendutako eskertze eta aitortza ekitaldia. Udaletxeko bilkura areto nagusian egingo dute ekitaldia, 20:30ean hasita.

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide