Etzi, zapatua, Berriketan taldeak Arima ikuskizuna aurkeztuko du Baztartxo antzokian. 19:00etan hasiko da emanaldia, eta udalak azaldu duenez "lehen mailako hitzordua" izango da, bereziki musika, sormena zein kultura gustuko duen edonorentzat eta flamenko sentimenduaz nahiz euskal tradizioaz gozatu nahi duenarentzat.
Emanaldian zehar, txalapartarekin uztartuko dituzte dantza flamenkoa eta harentzako musika. Txalapartaren tta-kunak, dantzatik kantarako takoneoek eta intziriek osatuko dute ikuskizuna. Gitarra eta flamenkoa ere ez dira faltako emanaldian. Urteetako lanaren ondoren, Berriketan taldeko kideek herri kulturaren bi erro batzea lortu dute. "Flamenkoan eta euskal kulturan murgildu, aire berriak sentiberatasunez dakarten erritmoak eta letrak sortu ditugu, eta flamenkotik euskaraz eta euskaratik flamenkoz berriketan egingo dugu", azaldu dute Berriketan taldeko kideek.
Arima ikuskizuna ontzeko, Antonio Lizana musika ekoizlearen eta Leonor Leal koreografia aholkulariaren laguntza izan du Berriketan taldeak. Batetik, Euskal Herriko sustraietan sortutako txalapartaren soinuak, bertsoak nahiz abestiak aurkeztuko dituzte, eta bestetik, flamenkoaren pasioa, dantza eta kantuak. Osagarri horiekin guztiekin osatutako binomio orekatua aurkeztuko dute hala Berriketan taldekoek, zapatuan.
Zozketa, martxan
Sarrerak Entradium atarian eskuratu daitezke 10 euroren truke. Dena den, Gukak parte hartzen duten bazkideen artean bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu. Bazkideek honako lotura honetan izango dute sarreren zozketan parte hartzeko aukera. Gaur, osteguna, 12:00etan itxiko da izena ematek epea, eta datozen orduetan jakinaraziko du Gukak irabazlea zein den.