Jardunaldi gazi-gozoa izan dute ISBko talde nagusiek berriro ere. Emakumeek larunbatean eta gizonek atzo, igandez, jokatu zituzten aste honetako neurketak. Domusa Teknik ISBk Aldareva Tenerife taldearen aurka neurtu ziuen indarrak, etxetik kanpo, baina garaipenik eskuratu gabe itzuli behar izan zuten etxera Azkoiti-Azpeitiko emakumeek. Hain zuzen ere, 49 eta 56 galdu zuen taldeak. Azaroaren 20an, asteazkenez, jokatuko du taldeak datorren jardunaldiko partida, Al-qazenes Extremadura taldearen aurka, 20:00etan, Azkoitiko kiroldegian.
Biele ISBk, bestalde, etxean neurtu zituen indarrak, Azpeitiko kiroldegian, Cultural y Deportivo Leonesa taldearen aurka. Partida parekatua izan zen: aurreneko bi laurdenetan Iraurgiko gizonak nagusitu ziren, baina hirugarren laurdenean Leongoak gailendu zitzaizkien. Hala ere, berriro ere aurrea hartzea lortu zuen Azkoiti-Azpeitiko taldeak, eta azkenean partida irabaztea lortu zuen, 76 eta 71. Datorren larunbatean, azaroak 9, jokatuko dute gizonek hurrengo partida, La Salud Archena taldearen aurka, 19:00etan, Archenan (Espainia).
Azpeitiko alkateak, asteko omenduak
50. urteurrenaren ospakizunen barruan, urte hasieratik bi talde nagusiek etxean jokatzen dituzten partidetan klubaren historian esanguratsuak izan diren pertsonak, taldeak eta erakundeak omentzen ari da Iraurgi Saskibaloia. Atzo, Azpeitiko herria omendu nahi izan zuen klubak, Azpeitiko Udalari 50 urteotan egindako lana eskertuz. Ondorioz, taldearen ibilbidean herriko alkate karguan izan diren lagunek oroigarria jaso zuten. Hain zuzen, Luciano Lazkanok, Jose Maria Bastidak, Julian Eizmendik, Iñaki Errazkinek, Eneko Etxeberriak eta Nagore Alkortak jaso zuten ISBren aitortza. Imanol Elias ere alkate izan zen Lazkanoren ostean, baina 2013an hil zen hura.