Ligako partida bana jokatu zuten ostiralean Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek, eta gizonek partida irabaztea (2-0) lortu zuten bitartean, emakumeek porrota (5-0) jaso zuten etxetik kanpo.
Ohorezko Erregional Mailan lehiatzen ari den gizonen taldeak Lesakako Beti Gazte taldea hartu zuen Txerloian. Ligako zortzigarren jardunaldian nagusi izan zen Anaitasuna hasiera-hasieratik. Gorritxoek 16. minutuan izan zuten aurreneko aukera, baina Ekairen area ertzeko jaurtiketa kanpora joan zen. 22. minutuan izan zuten beste aukera bat, baina Xabik jaurtitako falta zutoinera joan zen. 41. minutuan, berriz, Pastriren jaurtiketa oso gutxigatik joan zen kanpora; hala ere, handik bi minutura, Pastrik berak lortu zuen gorritxoen aurreneko gola sartzea. Markagailua 1-0 alde zutela joan ziren Anaitasunakoak aldageletara.
Bigarren zatian ere nagusi izan zen Azkoitiko taldea. Hasi eta berehala, Anaitasunak bigarren gola sartzea lortu zuen, 48. minutuan; area barruko aldaratze bat aprobetxatu zuen Xabik baloia ate barrura bidaltzeko. 74. minutuan, aldiz, Izak buruz gola sartzea lortu zuen, baina epaileak baliogabetu egin zuen, jokoz kanpo izan zela adierazita. Amaieran, lau minutuko luzapenaren ondoren, Anaitasunak eskuratu zituen hiru puntuak, Beti Gazteren aurkako norgehiagoka 2-0 irabazita.
Sailkapeneko hamabigarren postuan dago gaur-gaurkoz Loren Barbado entrenatzaileak zuzentzen duen gizonen taldea, hamaika punturekin. Datorren asteburuan, Tolosa izango dute aurkari gorritxoek; sailkapeneko zazpigarren postuan dira tolosarrak.
Emakumeek, bestalde, Real Sociedad C taldearen aurka jokatu zuten Euskal Ligako bederatzigarren jardunaldiko neurketa. Anaitasunak Zubietan jokatu zuen partida, eta donostiarrek aise hartu zituzten mendean gorritxoak: 22. minutuan iritsi zen Realaren aurreneko gola, eta atsedenaldirako bi eta huts zegoen markagailua. Bigarren zatian, berriz, beste hiru gol sartu zituen Realak, Mikel Barqueroren taldeari baloia sareratzeko aukerarik eman gabe. Azkenean, 5-0eko porrotarekin itzuli behar izan zuten gorritxoek etxera.
Anaitasunaren Euskal Ligako taldeak sei puntu ditu eskuratuta oraingoz, eta sailkapeneko hamalaugarren postuan da. Datorren jardunaldia, berriz, etxean jokatuko du taldeak, Sestao River Club-en aurka.