Txikiak IV.ak bigarren egin du XXI. Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finalean

Aitziber Arzallus 2024ko aza. 1a, 16:28

Iker Vicente otsagabiarrak (Nafarroa) jantzi du txapela, eta Txikia IV.aren atzetik, hirugarren, Mikel Larrañaga azpeitiarrak gelditu da. Arrietako (Bizkaia) pilotalekuan jokatu dute finala gaur, Santu Guztien Egunez.

Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra bigarren gelditu da gaur eguerdian Arrietako (Bizkaia) pilotalekuan jokatu duten XXI. Urrezko Aizkolari Txapeldunen Ligako finalean. Iker Vicente otsagabiarrak (Nafarroa) jantzi du txapela, eta Mikel Larrañaga azpeitiarrak hirugarren lekuarekin konformatu behar izan du.

Lau zati izan ditu aizkolarien lanak. Aurrena 45 ontzako enbor bat kolpeka ebaki behar izan dute; ondoren, beste bat erlojupekoan; gero, 65 ontzako bat abiadura proban; eta bukatzeko, 60 eta 65 ontzako enbor bana moztu beharko izan dituzte. Lan guztietan egindako markak batuta erabaki du sailkapena, eta hamalau minutu eta 54 segundoko denbora eginda, Vicente izan da azkarrena. Txikia IV.ak hamabost minutu eta 47 segundo behar izan ditu; eta Larrañagak hamasei minutu eta 34 segundo. Laugarren eta azken Hodei Ezpeleta gelditu da, hemezortzi minutu eta 46 segundoko denborarekin.

Aizkolari gazteak eta harri jasotzaileak

Horiez gain, aizkolari gazteak ere aritu dira, gizon zen emakume, binaka. Igoin Pikabea eta Beñat Senosiain aritu dira alde batetik, eta Isidro Velasco eta Kimetz Alzola bestetik. Lehia estua izan dute, eta segund gutxigatik izan bada ere, aurreneko bikotea izan da lanak bukatzen bizkorrena.

Emakumeetan, Karmele Gisasola Zelai III.ak eta Uxue Andorregik osatutako bikotea hobea izan da Laiene Pikabeak eta Oihane Fernandez de Barrenak osatutakoa baino, lanak bost segundo gutxiagoan bukatuta.

Harri jasotzen, binakako txapelketan parte hartzen ari diren bi bikotek saio bana egin dute. Gizonetan, Mikel Lopetegi Urra-k eta Imanol Royo Lartain-ek 6.025 kilo altxatu dituzte 81 jasoalditan. Ainitze Zumetak eta Goizeder Abendibarrek, berriz, 6.312 kilo altxatu dituzte 96 jasoalditan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide