Domina sorta eskuratu du Kankuk Gipuzkoako Karate Txapelketan

Ane Olaizola 2024ko urr. 29a, 09:00

Gipuzkoako Karate Txapelketa jokatu zuten igandean kadeteek, juniorrek eta 21 urtez azpikoek kata eta borroka modalitatetan, eta Azkoitiko karatekek dominak lortu zituzten maila guztietan.

Kadete, junior eta 21 urtez azpiko mailetako karatekek Gipuzkoako Karate Txapelketa jokatu zuten igandean, Pasaian. Karate jokalariek kata eta kumite (borroka) modalitatetan jokatu zuten Gipuzkoako txapelketa, eta Azkoitiko Kanku elkarteko kideak domina sortarekin itzuli ziren etxera; izan ere, txapelketako bi modalitateetan lehiatuta, Jon Alberdik gidatzen dituen karatekek hiru mailetan lortu zituzten dominak eta emaitza onak.

21 urtez azpikoen mailan, kumite modalitatean nagusitu zen Manex Platero azkoitiarra, eta urrezko domina eskuratu zuen hark. Horrez gain, Platerok brontzezkoa ere irabazi zuen katan. Maila horretan, Aimar Mujika hirugarren sailkatu zen borroka modalitatean, eta brontzezko domina etxeratu zuen hark ere.

Juniorretan, berriz, Iñaki eta Gaizka Raposeira anaiek urrezko eta zilarrezko domina bana irabazi zuten kumiten, hurrenez hurren. Iker Hernandez kadetea, bestalde, Gipuzkoako txapeldun izendatu zuten katan zein kumiten, eta Ander Garate kadeteak ere urrezko domina eskuratu zuen kumiten. Azkenik, Oinatz Larrañagak brontzea lortu zuen kata modalitatean.

Kankuk zorionak eman dizkie jokalariei, eta Jon Alberdiren lana azpimarratu du. Emaitzak esku artean, hark zuzentzen duen "talde teknikoa eta humanoa" Gipuzkoan "nabarmentzen" dela azaldu du elkarteak.

(Argazkiak: Kanku karate)

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide