Azaroaren 10ean izango da Behobia-Donostia proba entzutetsuaren aurtengo edizioa, eta lasterketaren abiapuntura joateko autobusa antolatu du Azkoitiko Udalak. Behobiara joateko autobus hori baliatu nahi duten herritarrek bihartik aurrera eman ahal izango dute izena, 09:00etatik 14:00etara bitartean, Udaleko Kultura Saileko 943-85 71 70 telefono zenbakira deituta.
Doako autobus zerbitzua izango da erakundeak eskainiko duena. Autobusa 07:30ean aterako da Azkoitiko Udal Liburutegiaren ondoko geralekutik, eta guztira, 55 lagunentzat lekua izango da. Udalak adierazi duenez, izena ematen duten ordenaren arabera banatuko dituzte eserlekuak, autobusa bete arte.