Beste puntu bat emakumeentzat; etxetik kanpoko lehen garaipena gizonentzat

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 28a, 09:00

Anaitasunako Kalare jokalari, aurkako atezainarekin lehian. (Anaitasuna)

Emakumeek beste puntu bat batu dute etxean, hirugarrena jarraian Txerloian. Gizonek, berriz, sasoiko lehen garaipena eskuratu dute etxetik urrun. Beheko edo zuloko postuetatik kanpo daude egun bi taldeak.

Anaitasunako emakumeek beste puntu bat batu zuten herenegun, larunbata, Txerloian. Mikel Barquerorenek bina berdindu zuten Añorga B taldearen aurka. Galtzen hasi, partida irauli, eta azkenean, puntu batekin konformatu behar izan zuten gorritxoek beste behin.

Paretsu ekin zioten bi taldeek neurketari. Ordea, ordu erdia bete aurretik Anaitasunak izan zuen aurkariaren atea zulatzeko abagune garbia; Añorgako atezainak azken unean saihestu zuen gorritxoen gola. Etxekoek barkatu, eta kanpokoek asmatu. Horixe gertatu zen handik lau minutura Txerloian, 32. minutuan kanpokoek aurrea hartu zutenean. Dena den, atsedenaldiaren aurretik Anaitasunak partidan sartzeko gola egin zuen, Maria Juaristik egin zuen eta gola.

Aldageletara banako berdinketarekin iritsi ziren bi taldeak, eta itxura ederrean zelairatu zen bigarrenera ere Anaitasuna. Izaro ahalegindu zen urruneko jaurtiketa batekin aurrena, baina atsedenaldian hamaikakora batu zen Arette izan zen 52. minutuan gorritxoentzako bigarren gola egin zuena. Añorgak, baina, handik ordu laurdenera berdindu zuen lehia. Gerora ere iritsi ziren bi taldeak aurkariaren ate ingurura, baina ez zuten gola erdiesteko beste jokaldirik lotu, eta azkenean, puntuak banatu zituzten bi taldeek.

Sailkapeneko hamahirugarren postuan dago gaur-gaurkoz Anaitasuna, sei punturekin. Datorren asteburuan, irteera zaila izango dute, gainera, Barquerorenek. Zazpi partida irabazi eta bat berdindu dituen Reala C taldea izango dute aurkari gorritxoek.

Lehen garaipena, Oñatin

Gizonek, bestalde, atzo arratsaldean jokatu zuten ligako zazpigarren jardunaldiko neurketa Oñatin (Gipuzkoa). Loren Barbadoren gizonak beti zaila den Aloña Mendiren aurka aritu ziren, eta Txerloiatik urrun sasoiko lehen garaipena eskuratu zuten, 0 eta 2 irabazita.

Lehen zatian bi aldeetan izan ziren gola egiteko abaguneak, baita bigarrenean ere; baina, atepeko gizonen lanak edota ateko zutoinek saihestu zituzten Oñatikoen eta gorritxoen golak. Partida hutsean amaituko zela zirudienean, ordea, Anaitasunaren bi golak iritsi ziren, biak aulkitik zelairatutako bi jokalariren eskutik. 87. minutuan, artean minuturik ere zelaian ez zeraman Julen Olaizolak lortu zuen Anaitasuna aurretik jartzea burukada batekin. Neurketa luzapenean zela, 92. minutuan, Galder Guembek lortu zuen huts eta bikoa egitea; area barruan jabetzarik gabe gelditutako baloia probestu zuen hark baloia Oñatikoen ate barrura bidaltzeko.

Modu horretan lortu zuten gorritxoek etxetik urrun denboraldiko lehen garaipena. Zazpi partida jokatuta, zortzi puntu dituzte orain Barbadorenek; sailkapeneko azkeneko postuak atzean utzi ditu, baina ez urruti. Datorren asteburuan puntu bat gutxiago duen Lesakako (Nafarroa) Beti Gazte taldearekin neurtuko dituzte indarrak gorritxoek, Txerloian.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide