Pintxoen postua eta denda jarri dituzte Kontzejupean, Beningo umeen alde

Ihintza Elustondo 2024ko urr. 26a, 13:02

Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeak Kontzejupean jarri du goizean pintxoen postua eta bigarren eskuko produktuen denda. Bildutako diru guztia, ohi bezala, Salestar Misioak taldeak Cotonoun (Benin) duen proiektura bideratuko dute.

Urtero moduan, Salestar Misioak taldearen ekintzetan parte hartzen duten Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeko kideak herriko plazan izan dira gaur goizean. Beningo umeen alde, pintxo solidarioa banatzeko postua eta bigarren eskuko denda jarri dituzte Kontzejupean. Hori hala, pintxoen eta dendako materialen salmentetan lortutako diru guztia Cotonouko (Benin) umeen aldeko proiektuari zuzenduko diete.

Eguraldi kaskarra egin du goizean, eta giro tristea izanagatik, zenbait herritar bertaratu dira Kontzejupera proiektua babestera. Boluntarioek emandako pintxoak, tortillak, bizkotxoak edota bestelako postreak dastatu ahal izan dituzte bertaratu direnek.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide