Urtero moduan, Salestar Misioak taldearen ekintzetan parte hartzen duten Gazteak eta Garapena gobernuz kanpoko erakundeko kideak herriko plazan izango dira etzi, larunbata. Beningo umeen alde, pintxo solidarioa banatzeko postua eta bigarren eskuko denda jarriko dituzte goizean, Kontzejupean. Hori hala, pintxoen eta dendako materialen salmentetan lortutako diru guztia Cotonouko (Benin) umeen aldeko proiektuari zuzenduko diete.
Larunbatera begira, antolatzaileek laguntza eskatu dute, Kontzejupean salduko dituzten jakiak etxean presta ditzaten, hala nola pintxoak, tortillak, bizkotxoak edota bestelako postreak. Jaki horiek guztiak Kontzejupera eraman beharko dituzte boluntarioek larunbatean, 09:30etik 10:30era artean. Horrez gain, bigarren eskuko dendarako produktuak ere jasoko dituzte Floreaga ikastetxean bihar arte. Halaber, erakundeak laguntza eskaera luzatu die herriko elkarteei, harakinei, okinei eta tabernariei.