Sorginen Ganbara izenpean inauguratuko du Azkoitiko Udalak aurrerantzean emakumeentzako espazio propioa izango den gunea, ostiralean. Kultur Etxeko laugarren solairuan kokatuko da espazio hori, aurretik ere, besteak beste, yoga egiteko zein emakumeen ahalduntze ikastaroetarako erabili izan den gelan. Orain, ordea, "izaera propioa" hartuko du espazioak, Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak esan duenez: "Izena jarri diogu eta geure gustura apaindu, emakumeen topagune izan dadin, hitz egiteko, elkartzeko, ikastaroetarako eta egokitzen denerako, betiere, emakumeen bueltan". Haren arabera, guneak azalera handia ez duen arren, "toki atsegina eta goxoa" izango da. Hain zuzen, Iñigo Borda artistaren mural batekin atondu dute gela.
Zubillagak adierazi duenez, Sorginen Ganbara izena jarri diote guneari, espazioak emakumeen ahalduntzean laguntzeko balioko duelako: "Ezarritako gizarte kanonetatik at, sorginak aske irudikatzen ditugu, eta horixe lortu nahi dugu, emakume askeak eta ahaldunduak izatea".
Ostiralean, 18:00etan izango da inaugurazio ekitaldia, eta udalak herritar guztiak gonbidatu ditu bertara. Inaugurazioa borobiltzeko, gainera, Ztandap ikuskizuna izango da 18:30ean Elkargunean. Mirari Martiarenak eta Idoia Torregaraik sortutako umorezko ikuskizuna da Ztandap, eta generoa ardatz izanda, "orgasmo arrakala, maitasun erromantikoa, señorak eta elkarbizitza" izango dituzte hizpide.