Josu Beitia: "Ez nintzen sekula presiopean ibili, eta nerbioen beldur nintzen"

Julene Frantzesena 2024ko urr. 22a, 14:55

Josu Uribe podiumeko lehen postuan, Urrakiko Igoera irabazi ostean. (Josu Uribe)

Josu Beitiak (Aramaio, Araba, 1960) Urrakiko Igoera irabazi zuen igandean Speedcar GTR EVO monoplazarekin. Proba horretan lortutako denborak tarteko, Euskal Herriko txapela ere Azkoitiko bizilagunarentzat izan da. Beitiarekin hitz egin du Gukak.

Urrakiko Igoera irabazi zenuen igandean. Espero al zenuen?

Ezetz erantzunda, gezurra esango nuke [barrez]. Gutxi gorabehera jakiten dugu zein ibil daitekeen gure aurretik edo atzetik, eta pentsatzen nuen irabazteko aukera banuela; ikusten nuen aukera eskura nuela. Baina presiopean aritzea beste kontu bat izaten da. Ni sekula ez nintzen horrela ibili, eta nerbioen beldur nintzen.

Zer balorazio egiten duzu gauzatutako lasterketaz?

Lasterketa nahiko arraro hasi zen, istripu bat tarteko. Lurra labain zegoela esaten zuten, eta... Horregatik, entrenamenduetan oso kontuz edo makal ibili nintzen. Lasterketako txandei ekitean hasi nintzen nire erritmoan ibiltzen. Kotxea zoragarri moldatu zen, eta ni gustura. Oso ondo joan zen dena.

Igoeren denboraldiko azken proba zen Azpeitikoa. Euskal Herriko txapela ere zuretzat izan da. Zer da hori zuretzat?

Joan zen astean lagun batek esan zidan Euskal Herriko txapelketa irabazteko aukera banuela. Urrakiko bi txandak irabazi behar nituen, sailkapenean Mansoren aurrean jarri ahal izateko. Horren beharra nuen irabazteko, eta lortu nuen; lasterketa ona eginda, txapelketa irabazi dut.

Zer moduzko denboraldia izan da?

Nahiko gaizki hasi zen denboraldia. Arazoak izan nituen autoarekin. Bi istripu izan nituen, eta konturatu ginen autoa ez zegoela ondo, nahiz eta fabrikatzaileek arazoa nirea zela esaten zidaten. Konpondu genuen halako batean, eta harrezkero, gustura nabil kotxearekin. Kostatu egin zait, ordea, puntu horretara iristea.

Monoplaza autoak ikusteko zain egoten da jendea, baina oso gutxi izaten zarete. Horrek lehia estuagoa egiten al du?

Monoplazetan ondo dabilena, normalean, kanpoko lasterketetara begira egoten da; Europako txapelketetara, Espainiakoetara...Hor ibili nahi izaten dute. Euskal Herriko txapelketa pixka bat bazterrean egoten da. Niri aurten oso ondo etorri zait hori, lau puntugatik irabazi egin dudalako. Baina txapelketa irabazi dut pilotu batzuk kanpoko lehietara joan direlako; bestela, ez nukeen irabaziko.

Alde handia al dago turismoen eta monoplazen mantentzearen artean?

Hori ibili nahi duzun mailaren araberakoa da. Lasterketetan irten nahi baduzu, merke edo bere batean merke antzean molda zaitezke; irabaztea nahi baduzu, baina, dena garestitu egiten da. Turismoetan eta monoplazetan, beraz, lortu nahi duzun helburuaren araberakoa da aurrekontua. Zure maila hartu behar duzu kontuan beti, noraino irits zaitezkeen jakin.

Nire autoak, adibidez, ez du gastu handirik eragiten; izan ere, igoeretan kilometro gutxi egiten ditugu. Turismoak mantentzea garestiagoa da, gastu gehiago eragiten dituzte, baina lan ordu gutxiago eskatzen dute horiek; monoplazek, aldiz, beti gainean egotea eskatzen dute eta mekaniko bat ondoan izatea edo mekanikaz asko jakitea ere bai.

Zergatik aukeratu dituzu monoplazak eta ez turismoak?

Betidanik ibilgailu azkarrak eta arinak gustatu izan zaizkit. 1988an ja eduki nuen barketa bat, eta oso gustura ibiltzen nintzen harekin. Garai hartan, ordea, ez nekien ezer mekanikaz eta oso gaizki moldatzen nintzen. Urteen poderioz asko ikasi dut, eta orain hobeto ibiltzen naiz zentzu horretan.

Kotxean, adibidez, azeleragailua zapaltzen duzu ondoraino, eta hanka ez duzu kentzen bukaerara arte. Monoplazekin, ostera, jolastu egiten duzu. Desberdina da; mugimendu gehiago dute eta beste bizipoz bat ematen dute. Niri gehiago gustatzen zaizkit monoplazak, hain zuzen, horrexegatik.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide