Gernika-Palestina plataformak egindako deialdiari gogotik erantzun diote Azkoitiko herritarrek. Gaur, astelehena, 19:00etan, hainbat lagun elkartu dira plazan, Israel Palestinan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Palestinari elkartasuna adierazteko.
Euskal Herriko herri guztietarako egin zuen elkarretaratzeak egiteko deialdia Gernika-Palestina plataformak, Israelek Palestinaren aurkako erasoa hasi zuenetik urtebete pasatxo denean. Genozidioa stop leloa zuen pankartaren atzean batu dira gaurkoan herritarrak Azkoitian, baita eskualdeko beste hainbat herritan ere. Elkarretaratzea amaitu aurretik, Gernika-Palestina plataformak egunotako mobilizazioetarako prestatu duen manifestua irakurri dute.
Alderdi politikoek, sindikatuek eta eragile sozialek babestu dute deialdia. Hain justu, EAJ, EH Bildu, PSE-EE, Ahal Dugu, Sumar nahiz Ezker Anitza alderdietako zein ELA, LAB, Steilas, CCOO, UGT, CGT, Solidari, EHNE, Etxalde eta Hiru sindikatuetako ordezkariek parte hartu zuten Gernika-Palestinak mobilizazioa deitzeko egin zuen agerraldian, baita Ernaik, Euskal Herriko pentsiodunen mugimenduak eta Euskal Herriko Bilgune Feministak ere.