Anaitasunako talde nagusiek berdinketa eta porrota izan dituzte asteburuan

Ane Olaizola 2024ko urr. 21a, 11:37

Ander Pastrian Anaitasunaren azken partidako golegilea, larunbatean. (Anaitasuna)

Zapatuan Zarautz liderra hartu zuen etxean Anaitasunako gizonen taldeak, eta 1-1 berdindu zuen norgehiagoka; Euskal Ligako emakumeek, berriz, 3-0 galdu zuten Getxoko Bizkerre B-ren aurka.

Ligako partida bana jokatu dute asteburuan Anaitasuna futbol klubeko talde nagusiek, eta gizonek partida berdintzea (1-1) lortu zuten bitartean, emakumeek porrota (3-0) jaso zuten etxetik kanpo.

Ohorezko Erregional Mailan lehiatzen ari den gizonen taldeak liderra hartu zuen larunbatean Txerloian: Zarautz. Ligako seigarren jardunaldian, partida estua jokatu zuten biek ala biek, eta neurketak aurrera egin ahala, Anaitasunak hainbat aukera izan zituen golak sartzeko. Dena den, ez batak ez besteak ez zuen golik sartzerik izan partidaren aurreneko zatian, eta markagailua husna zela iritsi zen atsedenaldia; bigarren zatia hasi eta minutu gutxira, berriz, Pastrik area barruko aldaratze bat aprobetxatu eta baloia sareratzea lortu zuen, Anaitasuna zarauztarren aurretik jarriz; 70. minutuan, ordea, Zarautzek beste gol bat sartu zuen, eta azkenean, berdinketarekin amaitu zuten partida.

Horrenbestez, puntuak bi taldeen artean banatuta, gaur-gaurkoz sailkapeneko azken bigarren postuan jarraitzen du Azkoitiko taldeak, bost punturekin. Datorren asteburuan, Anaitasunak Oñatiko (Gipuzkoa) Aloña Mendi taldearen aurka jokatuko du ligaren zazpigarren jardunaldiko partida, haren futbol zelaian; sailkapeneko 14. postuan dira oñatiarrak.

Emakumeek, bestalde, igande eguerdian jokatu zuten Euskal Ligako zazpigarren jardunaldiko neurketa, Getxoko Bizkerre B taldearen aurka. Anaitasunak udalerri horretan jokatu zuen partida, eta bizkaitarrek aise hartu zituzten mendean gorritxoak: 10. minutuan iritsi zen Bizkerreren aurreneko gola, eta atsedenaldirako bi eta huts zegoen markagailua. Azkoitiko taldeak ezin izan zuen baloia sareratu, Bizkaikoak, 73. minutuan sartutako golarekin, garaipena berretsi zuen bitartean.

Anaitasunaren Euskal Ligako taldeak ere bost puntu ditu eskuratuta oraingoz, eta sailkapeneko 13. postuan da. Datorren jardunaldia, berriz, etxean jokatuko du taldeak, Añorgaren B-ren aurka.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide