Josu Beitiak (Speedcar GTR EVO) irabazi du gaur goizean Azpeitian jokatu den autoen 42. Urrakira Igoera (3.13,185); monoplazen artean onena izan da azkoitiarra –lauk parte hartu dute eta hiruk bukatu–, eta sailkapen nagusian ere bera izan da nagusi.
Bailarako gidariak jaun eta jabe izan dira gaur Urrakin. Bi segundo pasatxo kendu dizkio Beitiak Iñaki Alberdi Txikiye-ri (Porsche 911 GT3); sailkapen nagusian bigarrena, turismoetan aurreneko postuan sailkatu da, horrenbestez, azpeitiarra. Beste azpeitiar batek, Ibon Otaegik (BMW M3 E46), osatu du podiuma; sailkapen nagusian hirugarrena, bere saileko kotxeen artean (3. Klasea) aurrena izan da Otaegi. Ibon Beitia ere, irabazlearen semea, aurreneko hamarren artean sailkatu da: zazpigarrena izan da sailkapen nagusian, eta 4. Klasekoen artean azkarrena ere bai.