Gerraren aurka, 65 lagun bildu ditu Isilune Zirkuluak

Ane Olaizola 2024ko urr. 18a, 09:05

Herritarrek "gogor" gaitzetsi dituzte gerra industria eta gastu militarra "herritarren oinarrizko beharren gainetik" jartzen dituzten gobernu politikak. Haien arabera, gerrak, "saihestezinak" izan beharrean, erabaki politiko eta ekonomikoen emaitza dira, eta "gutxi batzuei" egiten diete mesede.

Isilune Zirkuluaren sasoi berriko lehen elkarretaratzea egin zuten atzo, osteguna, 65 herritar inguruk Azkoitiko plazan. Gerraren aurkako protesta izan zen atzokoa, eta mezu irmoa igorri zuten han elkartu zirenek: "Biktima gehiagorik ez! Kooperazioan, elkartasunean eta bizitzarekiko errespetuan oinarritutako mundua eraikitzeko garaia da", esan zuten sustatzaileek.

Hain zuzen, gerra industria desegitea eskatu zuten elkarretaratzean, armen ekoizpenak eta horien salerosketak debekatu behar direla azpimarratuz. Horrez gain, aurrekontu militarrak herritarren oinarrizko beharrak asetzeko erabili behar direla azaldu zuten herritarrek, besteak beste, osasungintzara, hezkuntza eta etxebizitzetara. Gerra krimenen egileei "zigor eredugarriak" ezartzea ere eskatu zuten antolatzaileek, eta bake ekimenak babestearen garrantzia azpimarratu zuten.

Herritarrek "gogor" gaitzetsi zituzten gerra industria eta gastu militarra "herritarren oinarrizko beharren gainetik" jartzen dituzten gobernu politikak. Haien arabera, gerrak, "saihestezinak" izan beharrean, erabaki politiko eta ekonomikoen emaitza dira, eta "gutxi batzuei" egiten diete mesede: "Armen industriak, bere irabazi lizunekin, gatazkak elikatzen ditu eta indarkeriaren zikloa betikotzen du. Gaur, gerra horien biktimei begiratuko diegu: zibil errugabeei, haur babesgabeei, dena galdu duten errefuxiatuei. Haiek ordaintzen dute preziorik altuena gutxi batzuen erabakiengatik".

 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide