'Gurasotasun positiboa' ikastaroa antolatu du udalak datozen asteetarako

Ane Olaizola 2024ko urr. 17a, 13:15

Urtebeteko eta bi urteko seme-alabak dituzten guraso berriei zuzendutako ikastaroa da, eta hiru saio eskainiko dituzte Elkargunean. Dagoeneko eman daiteke izena.

Azkoitiko Udaleko Berdintasun Sailak Gurasotasun positiboa ikastaroa antolatu du datozen asteetarako, urtebeteko eta 2 urteko seme-alabak dituzten guraso berriei zuzenduta. Antolatzaileen arabera, seme-alaba izateak berarekin dakartza "poztasunak eta emozioak" zein "kezkak eta zalantzak", eta horiei bide emateko saioak izango dira eskainiko dituztenak; besteak beste, haurraren garapen ebolutiboa, estimulazioa, gurasoaren eta umearen arteko lotura eta guraso izatearen esperientzia landuko dute ikastaroan.

Urriaren 22an eta azaroaren 5ean eta 12an izango dira saioak, 17:00etatik 18:30era bitartean, Elkargunean. Doako ikastaroa da, eta dagoeneko eman daiteke izena udaletxeko Herritarren Arreta Bulegora joanda, berdintasuna@azkoitia.eus helbide elektronikora mezua idatzita edo 943-54 20 14 / 943-08 00 80 telefono zenbakietara hots eginda.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide