Aizkibel liburutegiak 8 eta 12 urte bitarteko haurrentzako, LH3 eta LH6 mailetako ikasleentzako, doako zientzia tailerrak antolatu ditu. Urriaren 29an eta 30ean egingo dituzte saioak, eta gaurtik hilaren 28ra bitartean egongo da horietan izena-emateko aukera, Aizkibel liburutegian.
Urriaren 29an, asteartez, Ph Factor izeneko tailerra egingo dute bi txandatan banatuta: aurrenekoa, 17:30ean izango da, eta bigarrena, 18:45ean. Tailer horretan partaideek sustantzia azidoen eta basikoen kimikari buruzko saiakuntzak egingo dituzte. Halaber, Ph neurria aurkituko, eta likido ezberdinetako Ph-a neurtzen ikasiko dute. Disoluzio misteriotsu bat neutralizatzen ere saiatuko dira.
Bestalde, urriaren 30ean, asteazkenez, Argiak, kolorea eta... akzioa! izeneko tailerra egingo dute. Astearteko saioan bezala, bi txandatan banatuko dute asteazkeneko tailerra ere: aurrenekoa, 17:30ean izango da, eta bigarrena, 18:45ean. Newtonen koloreekin, partaideek argi zuria sortuko dute lehenik, eta hura zer den ikusiko dute gero. Kromatografia erakusketa erraz baten bidez, berriz, umeek espektro ikusgaia ere landuko dute. Saiakera ezberdinak egingo dituzte, eta horrela, argiaren osagarriak aurkituko dituzte, bai infragorriarena bai ultramorearena.
Liburutegiak jakinarazi du tailerrek mugatutako plazak izango dituztela, eta beraz, izen-emate ordenaren arabera izango dela horietan parte hartzeko aukera.