Ostiralean, hilak 18, Lau eta Erdiko Txapelketaren final laurdenetako ligaxkari ekingo diote Azkoitiko Gurea frontoian. 22:15ean hasiko da jaialdia, eta eguneko partida nagusian Peio Etxeberria iazko Lau eta Erdiko Txapelketako txapeldunorde zenoztarra eta Aitor Elordi mallabitarra arituko dira aurrez aurre.
Etxeberriaren parte hartzea ziurra zen aurrez, baina ez haren aurkariarena; izan ere, Elordik Javier Zabalaren aurka atzo jokatu zuen final zortzirenetako kanporaketako partida Tolosako (Gipuzkoa) Beotibar pilotalekuan; 22-7 irabazi zion errioxarrari bizkaitarrak, besteak beste, saketik 11 tanto eginda. Hala lortu du Elordik txapelketako ligaxkara sailkatzea.
Gaur eguerdian egin dute Gurean ostiraleko partidarako material hautaketa, eta gustuko pilotekin topo egin duten seinale, segituan amaitu dute probaldia. Bi pilotarienak "nahiko berdinak" direla adierazi du Etxeberriak, eta Elordi ere iritzi berarekin agertu da; "oso gustura" gelditu bi pilotariak.
Iazko txapelketaren finalera iritsi zen Etxeberria "gogotsu" dago aurten ere zerbait handia egiteko. Horretarako, garbi du txapelketari serio ekin beharrean dela. "Ilusio handia dut ostiralerako. Gainera, giro ezin hobearekin egin dut topo Azkoitira etorri izan naizen bakoitzean; ea oraingoan ere hala izaten den". Bestalde, Elordik partida "kritikoa" gainditu zuen atzo Tolosan, eta garaipenak "konfiantza handia" eman dio mallabitarrari. "Hasiera-hasieratik" hasi nahi du hark puntuak biltzen, nahiz eta jakitun den Gurean "aurkari zaila" izango duela. Dena den, Elordik "garbi" du ostiralean zer jokamolderekin kantxaratuko den.
Etxeberriaren eta Elordiren arteko partida bukatu orduko hasiko da Lau eta Erdiko Serie B Txapelketako partida. Julen Egiguren Egiguren V.a pilotari azpeitiarra Beñat Senar ataundarraren aurka arituko da. Hain justu, Unai Matari final zortzirenetako kanporaketan 22-4 irabazita ailegatuko da Senar Azkoitiko lehiara. Lau eta erdiko lehiak amaitutakoan, azkenik, eskuz binakako hirugarren partida jokatuko dute. Dario eta Eskuza izango dira alde batean, eta Salaberria eta Bikuña, bestean.
Partidetarako sarrerak, salgai
Ostiraleko jaialdirako sarrerak eskuragarri daude Entradas Fronton atarian. Kantxako sarrerek 35 euro balio dute eta 20 euroko prezioa dute goiko solairukoek nahiz errebotekoek. Lau eta Erdiko Txapelketaren finalerdiak azaroaren 9an eta 10ean jokatuko dituzte Iruñeko Labriten eta Eibarko Astelenan, hurrenez hurren. Finala, berriz, azaroaren 24an izango da, Bilboko Bizkaia frontoian.