Azkoitiko Udalak urte amaierara bitartean Baztartxo antzokian izango diren zenbait ikuskizunen berri eman du. Azaroan, La Pulga Flamencok hartuko du herriko antzokiko oholtza, eta abenduan, Earth Songs Project eta Demode Quartet taldeek. Hiru taldeen emanaldiak 19:00etan izango dira.
Azaroaren 14an, La Pulga Flamencok Arima berriketan ikuskizuna taularatuko du Azkoitian, "Euskal Herriaren sustraietan" sortutako proiektua. Emanaldian zehar, txalapartarekin uztartuko dituzte dantza flamenkoa eta harentzako musika. Txalapartaren tta-kunak, dantzatik kantarako takoneoek eta intziriek osatuko dute ikuskizuna. Gitarra eta flamenkoa ere ez dira faltako emanaldian. Honako lotura honetan eskuratu daitezke 10 euroan emanaldirako sarrerak.
Abenduaren 14an, berriz, Earth Songs Project rock bandak joko du Baztartxon, Pop Revolution izeneko ikuskizuna eskaintzeko. Rafa Zuloaga getxoztarraren zuzendaritzapean, 10 eta 70 urte bitarteko 40 abeslari baino gehiagoko abesbatza biltzen ditu proiektuak. Lady Gaga, Dua Lipa, Rihanna, Coldplay edo The Weekend bezalako artisten klasiko handien errepertorioa eskainiko dute Azkoitiko emanaldian. Honako lotura honetan eskuratu daitezke kontzerturako sarrerak, 10 euroan.
Azkenik, abenduaren 28an, Demode Quartet laukoteak A kupela ikuskizuna emango du antzokian. Garai guztietako abesti ezagunen errepasoa egingo dute, beraien euskarazko bertsioak eskainiz. Bertsio horiek konpainiak ohi duen moduan aurkeztuko ditu, hain zuzen, gai bakoitzaren atzean dagoen istorioaren inguruko teoriak eta pasadizoak aintzat hartuta. Orain arte erabili ez dituzten esperimentuak eta sorpresak ere aurkeztuko dituzte Baztartxon. Honako lotura honetan eskuratu daitezke 10 euroan emanaldirako sarrerak.