Bihar, larunbata, emango dute 25. Organo Erromantikoaren Nazioarteko Zikloko Azkoitiko azken kontzertua. Aurreko bi asteetan bezala, 20:00etan izango da kontzertua Andre Mariaren Jasokundeko parrokian. Nathan Laube organista estatubatuarrak hartuko du Cavaille-Coll organoa, eta hark Louis James Alfred Lefebure-Welyren L'Organiste Moderne, Maurice Durufleren Suite pour Orgue eta Franz Liszten Phantasia und Fuge eskainiko ditu.
Organo irakasle gisa Eastman School of Musiceko irakasle eta Birminghamgo Kontserbatorioko Organo Ikasketetako Aholkularia izateaz gain, ibilbide artistiko luzea du Laubek. Hainbat errezitaldia eskaini ditu estatubatuarrak mundu zabaleko areto garrantzitsuenetan. Halaber, 2017an, zenbait kontzertu eskaini zituen Harlemgo (Herbehereak) Sint-Bavon elizako 1738ko Müller organoan hango organista egoiliar gisa.
2020tik 2022ra, berriz, Ludger Lohmann maisuaren lekua hartu zuen estatubatuarrak Musikhochschulen. Fulbright programako bekadun gisa, Michel Bouvardekin eta Jan Willem Jansenekin ikasi zuen Toulouseko (Frantzia) Kontserbatorioan. Era berean, Philadelphiako (AEB) Curtis Institute of Musicen diplomatua da Laube; bertan, organoa ikasi zuen Alan Morrisonekin, eta pianoa, Susan Starrekin.
Laubek eskolak ere ematen ditu aldian-aldian AEBetan eta Europan, eta bi grabazio ditu CD formatuan. Halaber, estatubatuarrak Master Degree titulua lortu zuen Stuttgarteko (Alemania) Musikhochschulen.